Aldizkari Digitala

Chicago ez da New York, ezta beharrik ere!

Beharbada Chicago izango da benetako AEB ondoen islatzen duen hiria.

Jarri arreta hizkuntzan:
Testu-antolatzaileak
Ohiko egiturak eta kokapenak

AEBko hiri handien artean, agian Chicago da AEB bere osoan ondoen islatzen duena.  New York AEB da, ados, baina New York munduko hiria da, arrazen, erlijioen eta hizkuntzen nahasketa. Los Angeles ere AEB da, baina Mexikok eta Latinoamerika guztiak eragin handia dute bertan; izan ere, bertako jende-kopuruaren zati handi samar bat hispanoa baita. Chicagon beltz asko bizi dira, eta hispanoak ere gutxi ez, baina ia jenderik gehiena zuria da. Gainera, barrualdean dago, eta ez kostaldean, New York eta Los Angeles bezala. Benetako AEB hori ondoen islatzen duen hiria dela esan daiteke, turistek bisitatzen ez duten hori alegia. Donald Trumpek presidentetza lortzeak jende asko harritu zuen, baina lorpen hori AEB barruko eremu horri esker lortu zuen, kanpotarrek hain gutxi ezagutzen duten horri esker hain zuzen ere.

Erdiguneko kale bat.

Bueno, Chicago kostan dagoela esan liteke neurri batean, Michigan lakuaren ertzean baitago. Hain handia denez, lakuak itsasoa dirudi. Lakuaren beste ertza ez da ikusten, ezta hiriko Willis dorre handiaren begiratokira igota ere. Chicagon ia beti jotzen du haizeak –bertakoek “Windy City” (Hiri Haizetsua) deitzen diote–, eta haize horrek sortzen dituen olatuak ez dira Kantauri aldekoak bezalakoak, baina gutxi falta.

 

Chicagoko erdigunea eta Michigan aintzira atzean.

Chicagoko nortasun-ezaugarrietako bat goitik doan trena da. Borobil-itxurako ibilbidea egiten du (The Loop) hiriko erosketa-leku eta finantza-gunean zehar. Film askotan ikusi dugu. Burdinazko zutabe altu batzuen gainean doa, eta azpitik autoak doaz. Geltoki batzuek duela 100 urte jarritako egurra dute oraindik. Chicagon goitik doan tren hori garai baten lekuko da, noiz eta azken belaunaldiko metroz eta tranbiez harro dauden hirien garaian.

 

Goitik doan trena (The Loop), Chicagoren ezaugarrietako bat.

Orain mende bat mafiak eta Al Caponek ospetsu egin zuten Chicago, baina artea ere indarrean zegoen: Chicago jazz-aren eta blues-aren hiriburu bihurtu zen. Musika-joera berri horiek Memphisetik eta Nueva Orleansetik heldu ziren Mississipin barrena, eta tinko errotu ziren Chicagon.

Garai loriatsu hartatik jazz-klub batzuk geratzen dira egun: Blue Chicago, esaterako, baina batez ere Jazz Record disko-denda geratzen da, ziurrenik jazz eta blues disko-dendarik harrigarriena munduan. Binilozko milaka eta milaka disko dituzte, tartean 78 erreboluziokoak ere bai, duela ehun urteko gramola zaharretan erabiltzen zirenetakoak. Denda hori bisitatu beharrekoa da, garai hartako denden usain berezi hori sentitzeagatik besterik ez bada ere. Izan ere, hemen ez zaigu jada gelditzen usain hori sentitu ahal izateko lekurik.

Egia da askoz ere gauza gehiago egin eta ikus daitezkeela New Yorken, eta denda gehiago dituela, baina asko dira Chicagoko giro lasaiagoa estimatzen dakitenak, New Yorkeko erritmo biziaren aldean. Arkitektura aldetik ere eztabaidagarria da zein den gehiago. Jakina, New Yorkek Empire State eta Liberty Tower ditu, baina Chicagoko etxe-orratzen multzoa dotoreagoa da beharbada. Willis Dorrea, garai bateko Sers izenez ere ezaguna, ez da bereziki ederra, baina, Michigan etorbidean, Chicago Tribune egunkariko egoitzatik hasi eta bukaera arteko eraikinak ezin ikusgarriagoak dira.

Chicago Tribune eraikina, garrantzitsuenetako bat.

Willis Dorrera igo beharra dago The Ledge kuboa ezagutzera. Airean 450 metrora zintzilik dagoen kristalezko kuboa da. Ez dela apurtuko esaten dizute; fede kontua da! Sinetsi eta barrura! Amildegian sentitzen zara! Hori bezalako ikusmirarik eta sentipenik ez dago. Mugikorrarekin zeure buruari argazkia ateratzen saiatuko zara, baina bertako goi-mailako kamera batek argazkia aterako dizu, eta, dorretik ateratzean, zure selfieak ez duela piperrik balio konturatuko zara; argazki perfektua eskaintzen dizute: zu airean zintzilik! Eta ia konturatu gabe 25 dolar ordainduko dituzu argazkiarengatik.

The Ledge kristalezko kuboa eta Trump dorrea.

Barack Obamak Etxe Zurian egindako zortzi urteko agintaldiak Chicago are ospetsuago egin zuen. Obama Hawaiin jaio zen, Indonesian bizi urte batzuk, Harvard-en ikasi, baina gero Chicagora joan zen bizitzera, eta politika-jarduna hantxe hasi zuen. Eta jakina, “Obamaren ibilbidea” sortu dute Chicagon. Bizileku izan zuen South Side auzoa ikus daiteke (oraindik ere bertan dute etxe bat Obamatarrek). Auzotarren baten aholkua izatea komeni da, zeren nahi gabe igaro zaitezke arrisku gutxiko kale batetik beste arriskutsu batera, eta ezustekoren bat izan. Obamatarrak bikotekide ziren garaian jaten zuten erdiguneko jatetxeren batean ere afaldu daiteke, adibidez, The Villagen.

Donald Trump presidentearen arrastoa ere aurki daiteke Chicagon. Hotela eta bulegoak dituen dorre handi bat dauka, Chicago ibai-ertzean. Eraikinik altuenetako bat da, eta bere eraikin guztietan bezala, Trump izena dauka letra handitan.

The Cloud Gate eskultura ikusgarria. (Egilea: Anish Kapoor).

Chicago ibaiko ibilbidea entretenigarria da. Ibaiaren amaieran, Michigan lakuan, berde bizia da. Ondoren barrura egiten du, etxe-orratzen itzalpera, eta hori Chicagoren beste ikuspegi bat da. Ez dago itsasontzi turistikoa hartu beharrik, taxi-ontzi bat baitago, aldiro-aldiro gelditzen dena, lineako autobusa balitz bezala.

Hiriaren beste ikuspegi bat eskaintzen du Chicago ibaiak.

Egia da; Chicago ez da New York, baina, AEB hobeto ulertu nahi baduzu, Chicagora ere joan behar duzu, eta, herri horren handitasuna benetan sentitu nahi baduzu, zoaz autobusez New Yorketik Chicagora. Zer dira ba 20 ordu!  
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jan 9, 2018
Number: 18894698
Number of visits: 3368