Aldizkari Digitala

Munduan barrena trenez edo hegazkinez bidaiatu?

Bidaiatzeak independenteago eta arduratsuago izaten laguntzen digu, baina bidaiatzetik bidaiatzera alde handia dago. Ez da gauza bera hegazkinez eta hotel garestietan ibiltzea edo motxila hartuta mundua korritzea.

Bidaiatzea guztiz osasungarria da buruarentzat. Independenteago eta arduratsuago izaten laguntzen du, eta munduari ikuspegi berri batetik begiratzen. Bidaiek era askotako herrialdeak ezagutzeko aukera ematen dute. Horrekin batera, bertako kulturaren, gastronomiaren, kirolen eta ohituren berri ere izan dezakegu. Hainbat ardatz hartzen dira kontuan bidaia baten plangintza egiterakoan: batetik, bidaiarekin zer lortu nahi dugun (esperientzia, bizipena, abentura, atsedena...); bestetik, zein aurrekontu daukagun egun horietarako; eta, azkenik, bertan zenbat denbora egongo garen.

Hiru ezaugarri horiek finkatuta, garraiobidea aukeratuko dugu. Motoz, autoz, trenez, hegazkinez, autobusez... aukera zabala dago. Lagun batek Thailandiara doala esaten badigu, hegazkinez egiteko asmoa duela pentsa dezakegu. Beste lagun batek, ordea, Europara doala kontatzen badigu, trenean ere joan daitekeela irudika dezakegu.

Lander Iztueta bidaiari andoaindarrak 28 urte ditu eta munduko hainbat bazterretan izan da.

Lander Iztueta bidaiari handia da eta Perun, Ekuadorren, Grezian, Turkian eta Tanzanian ibilia da, besteak beste, eta trena, autobusa, hegazkina eta itsasontzia erabili ditu alde batetik bestera mugitzeko. Andoaindarra munduko bazter askotara iritsi da dagoeneko, baina nola hautatu du zein garraiobide erabili? Horrelako kontuen inguruan aritu gara berarekin.

Landerrek esan digu oso garrantzitsua dela bidaia batetik zer lortu nahi dugun jakitea. Izan ere, lehen erabakia hori izaten da berarentzat. Aurrekontua eta denbora ere kontuan hartu behar diren beste bi ezaugarri direla aitortu digu: “Askotan, denbora daukagunean, ez daukagu nahikoa dirurik edo, dirua dugunean, ez daukagu denborarik. Orduan, gure bidaia arrazoi horiek kontuan hartuta osatu behar da beti”.

Hiru ardatz hartzen ditugu kontuan: zer atera nahi dugun, denbora eta aurrekontua.

Abentura bat bizitzea, erlaxatzea, landa-ingurua ezagutzea, kirola egitea, hirian murgiltzea, kultura zein den jakitea… Horiek eta beste hainbat izan daitezke herrialde batera eramango gaituzten arrazoiak. Landerri herrialde horretako gizartearen parte sentitzea gustatzen zaio: “Bidaiatu baino gehiago, atzerrian bizi izan naizela esan daiteke”, aipatu digu.

Landerrek, helburua naturan murgiltzea denean, nahiago du bakarrik bidaiatu.

Familiarekin, lagunekin, bikotekidearekin edo bakarrik bidaiatzen du jendeak. Landerrek, bere kasuan, bidaia-motaren arabera aukeratzen du nola eta norekin joan. “Helburua naturan murgiltzea denean, nahiago dut bakarrik bidaiatu, nik neuk erabakitzeko zenbat denbora eskaini leku bakoitzari. Helburua hiri bat ezagutzea denean, hobe taldean bidaiatzea; museoetara, tabernetara... joateko”, adierazi digu.

Trenaren eta hegazkinaren alde onak eta txarrak
Landerrek, batez ere, trena eta hegazkina erabili ditu bere bidaietan: “Normalean urrutiko herrialdeak aukeratzen ditut bidaiatzeko; beraz, hegazkinez joaten naiz eta han, alde batetik bestera ibiltzeko, trena edo autobusa erabiltzen ditut”.

“Denbora eta distantzia mugarri ditugunean, hegazkina denbora-makina bat bezalakoa da, leku batean sartu eta beste batean ateratzen gara”, azaldu digu bidaiari andoaindarrak. Hegazkina erabilgarria dela dio, baina, bere ustez, ez dugu bidaiaz gozatzen eta distantziaren sentsazioa ere ez dugu izaten.

Trenean, ordea, beste era batean bidaiatzen da. Erosoa da eta bertan alde batetik bestera mugitzeaz gain, paisaiaz goza dezakegu: “Gainera, trenean herrialde horretako jendea joaten da eta horrek bertako kulturara gerturatzen ere laguntzen digu”.
Hala ere, berarentzat alde ona den hori, beste askorentzat txarra izan daitekeela iruditzen zaio, “bidaiari askoren kasuan, denbora altxor preziatua denez, nahiago dute ahal den azkarren iritsi; eta, horretarako, hegazkinean bidaiatzea azkarragoa da”.

Hurrengo bidaia, adibidez, Tanzaniara egingo du, eta bertara hegazkinez joango da. Han lagun batekin elkartu eta herrialdearen mutur batetik bestera mugitzeko asmoa du. Hegazkinean ordubeteko bidaia da, baina beraiek hogei ordu igaroko dituzte ibilbide hori egiten: “Bidaia horretatik zer atera nahi dugun kontuan hartu eta trenean egitea erabaki dugu”.
 
XIX. mendearen hasieran, industrializazio-garaian sortu zen trena, Britainia Handian. Gaur egun ia mundu guztian dago trenez bidaiatzeko aukera, baina aldea dago herrialde batetik bestera: “Herrialde guztietan trena ez da berdina, baina egia da gehienetan tren-eskaintza handia dugula. Beraz, treneko bidaia-mota gure aurrekontuaren araberakoa izango da. Zenbat eta diru gehiago gastatzeko aukera izan, tren-bidaia hobea hautatuko dugu. Hala ere, nik trena herrialde guztietan erabiltzea aholkatzen dut”, esan digu Landerrek.

Trenean bidaiatzea herrialdeko kulturara gerturatzeko aukera bat izan daiteke.

Toki, leku eta herrialde askotan izan da andoaindarra. Horregatik, hilabete bateko opor-egunak, diru nahikoa eta abentura-bidaia egitekotan, nora joan gaitezkeen galdetu diogu. Oso argi du Landerrek: “Ekuadorrera joan zaitezte. Batetik, Hego Ameriketako beste estatuen artean ezezagunena delako. Eta bestetik, harrituta utzi ninduen herrialdea delako. Txikia da, bertan bidaiatzeko erosoa, eta, klima eta paisaia oso ezberdinak ditu. Ekuadorrek lau urtaroak urteko egun guztietan ditu: kostan egunero uda da, Andeetan egunero negua eta Amazonia beste mundu bat da”, azaldu digu.

Ekuadorrek lau urtaroak urteko egun guztietan ditu: kostan egunero uda da.

Eta zu, Ekuadorrera joango al zinateke? Nora izango da zure hurrengo bidaia? Hegazkinez ala trenez bidaiatuko duzu?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Nik bidaia bat antolatzeko garaian kontutan hartzen ditut hiru ardatz. Azkenean garrantzitsuena izango da zuk bidaia batetikan lortu nahi dituzun bizipenak, orduan horren arabera antolatuko duzu bidaia, zenbat eta abentura gehiago nahi dituzun edo eskatzen dizkizun gorputzak. Baina gero egia izango da baita ere mugarri izango direla bai denbora, azkenean gizarte honetan lanean gaudela, bai ikasten, ez daukagu munduko denbora guztia, beraz hori mugarri izango da. Eta bestetik, bidaia jakin baterako duzun aurrekontua. Azkenean, betiko gauza da ez? Askotan denbora daukazunean ez daukazu diru nahikorik edo dirua duzunean ez daukazu, ez daukazu denborarik. Orduan, hiru ardatz horiek kontuan hartuta beti osatu behar da zure bidaia.

Hegazkinak azkenean eskaintzen dizuna da, urrutira joan zaitezkeela denbora laburrean. Orduan urruneko herrialde bat bisitatzeko garraiobiderik eraginkorrena da eta baita ere distantzia horrekin denboraren muga ere. Azkenean, bi asteko epea baldin badaukazu, hegazkinez joan beharko duzu. Bestela azkenean joan eta egun bat galdu...

Trenak dituen alde positiboak beste aldetik, izango dira: bai, trena oso erosoa da. Azkenean zu trenean igo zaitezke eta mugitu zaitezke trenean batetik bestera, gero baita ere kontatu dizudana, hegazkinarena azkenean zu hegazkinean sartzen zarenean, badirudi denbora makina baten sartzen zarela eta bat-batean beste… munduko beste toki batean esnatzen zara eta badirudi azkenean errealitatearekin duzun konexioa, bidaiatzen ari zaren konexio hori galdu egiten da. Hori trenak berak bestalde eskaintzen dizu. Zu trenean eroso zoaz, baina aldi berean bai pasaiaz gozatzen zoaz, bai bidaiaz beraz ere. Gero, beste alde positiboa trenak eskaintzen duena da, zu trenean sartzen zarenean, azkenean trena bera ere herrialdeko jendeak erabiltzen duela. Beraz, zuk herrialdeko kultura horrekin kontaktua mantentzen duzu. Hegazkinaren kasuan azkenean, beste modu bat da.

Duela urte batzuk lagun talde bat ari ginen bidaiatzen Balkanetan barna eta hartu genuen… hartu behar genuen tren bat, Errumaniatik, Bukarestetik Istanbulera, Turkiara zihoan tren luze horietako bat, eta trena bera zen 20 ordu inguru, orduan eguerdi batean hartu genuen arratsalde partean eta hurrengo eguneko goiza arte. Beraz, gaua trenean pasa behar genuen. Eta haietako batean, Bulgaria zeharkatzen ari ginenean, trenak bere geldialdiak egiten zituen herri txikietan edo zonako estazioetan. Eta jada gau ilunean ginenean, jabetu ginen ez zeukagun (geneukala) ur nahikorik bidaiarako eta jada egarriz hiltzen ari ginenean horietako batean trena bertan geratu zen, horietako estazio batean. Guk leihotik ikusten genuen han denda txiki bat bazegoela ura zuena. Beraz, imajinatu dezakezue nola zen gure momentuko egarria; baina bueno aldi berean beldurra zeukagun (geneukan) trenetikan jaitsi eta trenak ihes egingo ziguna eta han Bulgariako herri txiki horretan galdurik gelditzekoa. Beraz, han ginen leihotik atera ez atera, itxoin ez itxoin, eta haietako batean trenetik jaitsi nintzen arte eta begiratu nuen trena eta jabetu nintzen trenak lokomotorarik ez zuela jada ihes horietako batean alde egin zuela, eta han zeuden andenean bi tren abandonatuta. Orduan ia gure lasaitasunarekin ura erosi genuen eta handik ordu batera edo lokomotora etorri zen berriz ere eta han hartu eta martxa egin genuen berriz ere Istanbul aldera.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
May 27, 2015
Number: 1888576
Duration: 00:04:20
Number of visits: 11028