Aldizkari Digitala

Xabier Lete, erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi zituen gizona

Xabier Lete Bergaretxe 1944an jaio zen Oiartzunen eta 2010eko abenduaren 4an hil zen. Poeta eta kantari gisa nabarmendu zen, batez ere. "Ez Dok Amairu" musika-taldeko sortzaileetako bat izan zen, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Joxean Artze, Jose Angel Irigarai eta Lourdes Iriondorekin batera.

Taldea desegin ondoren, bakarlari jardun zuen kantuan eta hainbat disko kaleratu. Idazle gisa olerki-liburuak idatzi zituen, azkena Egunsentiaren Esku Izoztuak, 2009an; liburu horrekin Literaturaren Euskadi Saria irabazi zuen.

Denboraldi batez literatur sorkuntza alboratu zuen Letek, politikan jarduteko. Gaixotasunak, ordea, zeregin hori alde batera uztera behartu zuen. Gaixotasun horretatik sekula erabat sendatu ez bazen ere, karrera oparoa egiten utzi zion. Lete 2010eko abenduaren 4an hil zen, ospitalean.

Gazte-denbora
Beka bat aprobetxatuz, Tarragonara joan zen ikasketa teknikoak egitera –Industria-peritajea–, hori baitzen aitaren ametsa, baina ez zuen bukatu. Hemezortzi urterekin itzuli zen Oiartzunera. Irakasle Eskolan ere hasi zen ikasten, baina, aspertu egiten zenez, alde batera utzi eta Pasaiako lantegi batean hasi zen lanean. Gazte-gaztetatik izan zituen kezka kulturalak, eta handik gutxira bere lehenengo artikuluak idatzi zituen Zeruko Argia aldizkarirako. Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola eta beste batzuekin batera hartu zuen parte aldizkari horretan. Letek aitortu zuenez, Gabriel Zelaiaren poesia sozialak eragin handia izan zuen beregan; baita Kafkak, Gabriel Aresti poetak eta Jorge Oteizak ere (Oteizaren Quosque tandem liburuak asko hunkitu omen zuen). Bere lehen olerki-liburua 1967an argitaratu zuen: Egunetik egunera orduen gurpilean. Gerora, beste bost olerki-liburu gehiago argitaratu zituen.

Ez Dok Amairu  
Lete Ez Dok Amairu taldearen fundatzaileetako bat izan zen 1965ean. Dena dela, esan behar da hasieran ez zuela jendaurrean kantatzen; kantatu zuen lehenengo aldia 1966an izan zen, taldeak Seguran (Gipuzkoan) jo zuen jaialdi batean. Benito Lertxundi gaixotu eta berari proposatu zioten Lertxundiren ordez kantatzeko, eta horrela estreinatu zen kantari. Lehendabiziko jaialdi hori amaitutakoan, taldeko Joxan Artzek esan omen zion: “Zuk, Xabier, kristoren arrakasta izango duzu, hain gaizki kantatzen duzu”.

   "Ez Dok Amairu" taldearen partaideak 1970. urtean

Ez Dok Amairu taldeak iturri hauek izan zituen sortzeko garaian: Kataluniako Nova Cancó, Hegoameriketako kantagintza (Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra…) eta Frantziako zenbait abeslari ere bai (Georges Brassnes, Jacques Brel…). Saiatu ziren Euskal Herriko musika herrikoia eskuratu eta zabaltzen. Hasieran talde bat baino gehiago abeslari-pilaketa zen, harik eta Baga, Biga, Higa ikuskizuna plazaratu zuten arte, 1970ean. Lan horretan kanta, musika eta dantza integratu zituzten, eta bi urte iraun zuten ikuskizun horrekin, taldea banandu arte.
Ez Dok Amairu taldean ezagutu zuen bere emaztea eta bidelagun Lourdes Iriondo, Lourdes ere talde horretako abeslaria baitzen. Lourdesek gaztetatik zeukan bihotzeko patologia bat eta Xabier baino hamar bat urte zaharragoa zen. Hasieran lagunak baino ez ziren,baina pitinka-pitinka elkarrekin maitemindu eta ezkondu egin ziren. Zuberoara joan ziren eztei-bidaian.

Bakarka abesten  
Taldea desegin ondoren, gogotsu ekin zion Letek bakarkako bideari, eta diskoak kaleratzen hasi zen. 1974an argitaratu zuen lehen LPa, bere izena zuena (beste kanten artean, Nafarroa arragoa eta Izotz ondoko eguzki ageri dira bertan); Kantatzera noazu, 1976an, (Izarren hautsa, Nik ez dut amets handirik…); eta Lore bat zauri bat, 1978an (bertan dago Xalbadorren heriotzean ospetsua).

 

Leteren bakarkako diskoak

Garai hartan jaialdi asko egin zituen bere emazte Lourdes eta Antton Valverderekin batera. 1978an, ordea, kantatzeari uztea erabaki zuen, zegoen giroa zela-eta; jendea musika entzutera baino gehiago errebindikazio politikoak entzutera joaten baitzen. Orduan, pentsatu omen zuen: “Aguanta zaitzatela zeuen ama santisimak!”
Musika alboratuta, ardura politikoak izan zituen Gipuzkoako Aldundian, kultur alorrean betiere. Sasoi horretan, 1985ean, gaizki sentitzen hasi zen. Hartzen zuen janaria gorputzak onartu ez eta bota egiten zuen. Operatu zen, baina ez zen erabat sendatu; gaixo kroniko bihurtu zen. Esperientzia horren ondorioz, bere emazte Lourdesekin batera, fede katolikora itzuli zen, debozio handiz eta konbentzimendu osoz, eta erlijio-kutsu hori nabaria da bere ondorengo obretan.
Letek nahiz eta jendaurrean apenas kantatu zuen urte horietan, jarraitu zuen abestiak sortzen, eta horrela, 1991n, beste disko bat kaleratu zuen: Eskeintza (Habanera kanta ezaguna dago bertran). Bertsolariekin lotutako bilduma bat ere atera zuen Berrehun urtez bertsotan; esan behar da bertsolarien arlo hori ez zuela berria, lehen ere beste abeslari batzuekin batera argitaratu baitzituen Bertso Zaharrak eta Txirritaren Bertsoak

 

 Bertso-bildumak

Xabierren letrak erabili izan dituzte beste musikari batzuk beren kantetan: Imanol, Mikel Laboa, Benito Letxundi… Letek berak ere osatu izan ditu kantak beste artista batzuen letraz baliatuta (Cesare Pavese), edo besteen lanak euskaratuta (Lluis Llach, Leonard Cohen…).

Azken urteak
1990eko hamarkadan, poesia argitaratzen ere jarraitu zuen. Horrela plazaratu zuen Biziaren ikurrak. XXI. mendearen hasieran, poesia-errezitalak ematen hasi zen. 2008an argitaratu zuen bere azken obra: Egunsentiaren esku izoztuak poesia-bilduma. Bere emaztea hil eta bost urtera hil zen Xabier, 2010eko abenduaren 4an. 

 

Bere azken lanak

Bere Abestitzak eta Poema kantatuak liburuan, bere bizitza Cesare Paveseren olerki-zati honekin identifikatzen zuela idatzi zuen: “Izan zen gizon bat saiatu zena, baina ez zuena asmatu.” Hor ikusten da Leteren ezkortasuna, zer gogorra eta estua zen bere buruarekin. Baina, bestalde, berak aitortzen zuen “glorifikatua” sentitzen zela, asebetea, hainbeste lagunek aitortzen baitzioten bere kanta eta poesiekin asko disfrutatu zutela, eta jada beren bizitzen parte zela. Izan ere, jendek askok ditu gogoan Leteren hainbat kantatako pasarteak: Ardo mindua edanaz historiaren tabernan / Aurrean papera eta atzean papera, pediorikua letuz ilustratzen gera / Maite zaitut, zorion, hitz soil bat zarelako poetek asmatua, zorionik asmatzen ez zekitelako / Ez zaidazu galdetu gauza ilun guztien arrazoi gordea / Handitzen zarenean ikusiko duzu isilik egoteak zenbat balio duen / Sufritu duen gizonak ez du lotsarik behar galtzeko / Jaio ginen, bizi gera, ez dugu ezer eskatzen / Zutaz, maite, egina dut galde, baina Jainkoak ez zidan erantzun / Nafarroa, arragoa, nahiaren eta ezinaren borroka-toki ekaitzez betea / Gizon okupatua gauza ederra da...

 

Hemen daukazu Bianditz poema (Egunsentiaren esku izoztuak liburukoa) Letek berak irakurrita:

Transcription:[+] Transcription:[-]

Azaroko arratsaldean elurra ikusi dut
Bianditz mendiaren hegal-gailurretan,
xuri hartan begirada itsatsirik
“berriz ere negua atarian”
esan diot ahots apalez nere buruari,
zer-nolako hunkidura elur xuriena
nerabeak ginenean herri galdu hartan…
begiratzen genituen bortuak, mendilerroak
eta han ekialdean Nafarroa zegoela esaten ziguten,
Lesaka, Baztan, Auñamendiak
haratago Europako erresumak edo agian Errusia
eta baikenekien noraino ailegatzen zen mundua,
baina mendilepo hurbil haietatik zetorkigula dena
hori ongi genekien gure ez jakin eskasean,
hodeiak, ekaitzak, elurrak eta negua,
eta izendatzearekin eraikitzen zirela gertakizunak
eguratsen aldaketak iragarri eta halabe hartuz…
gero laster eguberria genuen atarian
eta Olentzero ikazkina menditik jaisten zenean
sua eta mezua bailarara ekarriz
gure bihotzetan zilarrezko txintxarriek
errepikatzen zuten zorion harrituaren doinua…
penaz begiratzen genien orduan zoritxarrekoei
eta haiengandik hurbilago ginen sentitzen
zorteak onizatearen atari epeletatik uxatu zituelako...
gaur, izan ginen hartatik
ia ezer ez denean gelditzen
berriro xuriz jantziak ikusi ditut mendiak,
ekialdeko bortuetara begiratu dut hunkitua
eta barnearen barne barneratuenetik esnatu zait
denboraren abaraskaren pean
estalia zegoen kantua:
goiko mendian elurra dago, errekaldean izotza.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Apr 20, 2015
Number: 1860251
Duration: 00:03:44
Number of visits: 10939