Aldizkari Digitala

Sare sozialak, tresna bizkor eta indartsuak

Facebook, Youtube, QQ, Qzone, WeChat, Twitter, WhatsApp... gure lagunak dira. Egunero komunikatzen gara horien bitartez. Sarean harremanei eusteko bideak dira. Orain arte batez ere lagun-harremanak. Bertan, interesgarriak iruditzen zaizkigun edukiak, artikuluak, argazkiak edo bideoak lagunekin partekatzen ditugu, eta lagunek iritzia emateko aukera izaten dute.

Lehen herriko kaleetan edo tabernetan izaten zena gaur egun edonondik eta edozein momentutan egin daiteke.

Facebook izan zen lehenengoa. 2003an Mark Zuckerbergek sortu zuen, Harvard unibertsitateko ikasle zenean. Ikaskideen harremanak sortu eta sendotzeko baliabidea eratzea zuen helburu, ikasgelan eta campusean sortzen ziren kontaktuak Internet bidez ere mantentzeko bidea egitea. Orduz geroztik, kaleko harremanak ordenagailura igaro ziren, eta gaur egungo harremanbide garrantzitsu bihurtu dira. Azken datuen arabera, 2014. urtearen amaieran, Facebookek 1.350 milioi erabiltzaile zituen.


Sare Sozialak gaur egungo komunikazio-biderik erabilienak dira.

Harreman pertsonalerako erabili izan dira gehienbat, baina enpresaren esparrura ere zabaldu dira azken urteetan. Ikasgeletan, berriz, oso gutxi erabiltzen dira. Ikasleek sortutako teknologiari eta gazte gehienen eguneroko komunikazio-bideari heziketan sartzen kostatzen ari zaio.

 


Inazio Retegi irakasle eta maisuak, ordea, Oiartzo Ikastolan Batxilergoko Geografiako eta Filosofiako klaseetan erabiltzen ditu. Ikaslearen mundu pertsonala eta ikasketa-mundua elkar ditzaketela uste du. Irakasle lanetan 35 urte darama eta teknologia zein sare sozialak gaur egungo ezinbesteko baliabideak direla azpimarratu digu: “Gazteek inork baino hobeto menderatzen dute hizkuntza berri hau, eta haiengana hurbiltzeko bidea da”, esan digu.

 

 Inazio Retegik Oiartzo Batxilergo Ikastolako irakasle eta Ikastolen Elkarteko irakasleen formakuntzan jarduten du lanean.

Jolasgaraietan ikasleak makina txiki batekin oso kontzentratuak eta aktibo ikusten zituen Inaziok. Zertan ari ziren galdezka hasi zitzaien duela lauzpabost urte. Jolaserako eta egiten ari ziren aktibitate horietarako hain erakargarriak baldin baziren, lanerako ere interesgarriak izan zitezkeela pentsatu zuen: “Sarean beste lekuetan zer egiten ari ziren begiratzen hasi nintzen, eta ikasteko era berri bat ekarriko zutela zioten askok eta askok”, azaldu digu.

“Sare sozialek ikasleak bizi duen mundu bat gehiago osatzen dute. Mundu horretara eskolako ezagutzak hurbiltzea garrantzitsua da. Beharrezko ditugun jakintzak, egiten jakiteak eta izaten jakiteak presente egon behar dute mundu horretan ere, ezin baitira guztiak eskolan soilik landu”, azpimarratu du. Beraz, sare sozialen erabileran, besteak beste, ikasleei kontzientzia, garapena, ezagutzak eta jakintza eskura jarri behar zaizkiela agertu digu Inaziok.

Bi modutan erabili daitezke: Inaziok OMZ deitzen diona lehena, eta erabilera profesionala edo ikasgeletan erabil daitekeena bigarrena: “Erabilera bati OMZ deitzen diot: Oso Maite Zaitut. Jolasgaraietan etengabe erabiltzen dute. Erabilera emozionala da. Eta bestea erabilera profesionala da, ikaskomunitateen artean eraikitzen dena”.

Baina nola egin ikasgeletan erabiltzeko? “Nik, ezagutza aldetik, zerbait interesgarria aurkitzen badut, besteen eskura ere jar dezaket aurkitu orduko. Eta gainera, nahi dudanean, besteek aurkitu dutena ere ikus, irakur eta azter dezaket”, azaldu digu. Horrela, sare sozialak tresna “bizkor eta indartsu” bilakatzen direla esan digu Inaziok.

Sare sozialek beldurra ere eragin dute, batez ere gurasoengan. “Beldurra ezagutzen ez denari izaten zaio. Sare sozialei errespetu handia eduki behar zaie. Gozorako diren bezala, mingotserako ere gerta daitezke. Sare sozialek izan dezaketen arriskuaren aurrean arduraz jokatzen eta elkar zaintzen irakatsi behar diegu ikasleei”, gogoratu digu. Azken batean, sare sozialak bizitza pribatuko esparrurako bakarrik erabiltzen badituzte, norberak ahal duena bakarrik egingo duela esan digu. Gelako lanean ere integratzen badira, denon artean zuzen jokatzen ikasiko dugula adierazi du: “Ikasgeletan ere sare sozialak integratuz, arduraz jokatzen, elkar zaintzen eta elkar errespetatzen ikasteko aukera ederra izango dute”.

 

Inazio retegiri egindako elkarrizketa ikusi nahi baduzu, hemen duzu bideoa:
 

 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Jolasgaraietan ikusten nituen makina txiki batekin, oso-oso kontzentratuak eta oso-oso aktiboak. Eta esan nuen hor zerbait badago interesantea. Jolaserako eta egiten ari ziren aktibitate horretarako hain interesanteak baldin baziren, lanerako ere oso interesgarriak izan zitezkeela pentsatu nuen. Hasi nintzen begiratzen, eta bai alajaina, baita aurkitu ere benetan oso interesantea direla eguneroko lanerako.

Ikasleak benetan bizi duten mundu oso bat osatzen dute. Mundu horretan ezagutza inportante kontsideratzen ditugunak: jakintzak, egiten jakiteak, izaten jakiteak... presente egon behar dute, bestela klasean bakarrik ezin dira horiek denak landu. Eta beste mundu hori geroz eta zabalago gertatzen ari da. Beraz, han jarri behar ditugu baita ere konszientzia, garapena, ezagutza, jakintza... eskura, presente. Horretarako erabiltzen ditut sare sozialak gelan.

Bi erabilpen mota daude sare sozialetan ere:
Bat, OMZ deitzen diot: Oso Maite Zaitut. Eta hori da jolasgaraietan eta ikusten dutena etengabe erabiltzen dutela. Emozionala.
Eta bestea da, erabilpen profesionala. Ikas komunitateen artean suertatzen dena. Nola? Nik zerbait interesantea aurkitzen badut ezagutza aldetik, besteen eskura ere jarri dezaket. Eta instantean, aurkitu orduko. Eta gero, nik nahi dudanean, besteek aurkitu dutena ikusi dezaket. Eta ikusi, “koñe interesantea da! Horrela, sare sozialak bilakatzen dira ikaragarrizko tresna bizkorra, indartsua.

Beldurra eduki behar den sare sozialen aurrean? Beldurra edukitzen zaio ezagutzen ez denari, errespetua handiena eduki behar zaio. Gozorako diren bezala mingotserako ere gertatu litezke. Orduan, horren aurrean ikasi behar dute, erakutsi behar diegu, arduraz jokatzen, elkar zaintzen. Errespetua eduki behar zaio sare sozialari, handia, baina beldurra ez.

Bizitza pribatuko esparruan bakarra mugitzen badira, bakoitzak ahal duena bakarra egingo du. Baina gelako lana ere integratzen baldin badugu hor, denon artean ongi egiten dakiguna egin ahal izango du, arduraz jokatzen ikasi, elkar zaintzen, errespetuak eta bideratzen, etab.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment