Aldizkari Digitala

Fermin Etxegoien: "Oso zaila da euskalduna izan eta euskararen gainean hausnarketa ez egitea"

Fermin Etxegoien (Oñati, 1966) gidoilari, idazle eta esataria da. Hala ere, beste ezeren gainetik kazetaritzat du bere burua. Ikasketa guztiak gazteleraz eginda ere, lanean euskaldundu zen. Saiakera bat eta bi eleberri idatzi ditu orain arte. 2010. urtean Euskadi Saria eskuratu zuen "Autokarabana" lanarekin. Hala ere, telebistaren atzeko aldean lanean jardun da batez ere. Euskal Telebistako saio ezagun askotan bere izena azaltzen da; besteak beste, "Doctor Livingstone", "Kalaka" eta "Bisitaria".

Kazetaria, esataria eta idazlea zara. Hiru horietako zein aukeratuko zenuke?

Kazetaria naiz. 14 urte neuzkanetik kazetari izateko gogoa nuen. Norbaitek galdetuz gero, kazetaria izango nintzela erantzuten nuen. Oñatiko 70eko hamarkadako umeak-eta erabat erdaldunak izan ginen. Norbaitek galdetuko du, «baina, Oñati ez al da beti euskalduna izan?» Bai, izan da, baina oso tarte erdalduna egon da, gutxi gorabehera geurea. Oñatiko historiako belaunaldirik erdaldunena izan gara. Gu baino 10 urte zaharrago zirenak euskaldunagoak zirelako, eta bost urtera etorritakoak ere euskaldunagoak ziren. Beraz, nik dena erdaraz ikasi nuen. Eskola nazionaletan ibilitakoa naiz. Institutua eta karrera, dena erdaraz; baina 20 urte inguru nituenean lanean hasi nintzen telebistan. Katu kale saioko zuzendari egin zuten Oñatiko lagun bat, eta erredakzio-laguntzaile modura eraman ninduen. Nola ibiliko nintzen erdaraz horrelako saio batean? Gainera, erdaldunak ginen baina ez genuen euskaltegira joateko beharrik izan. Trakets eta gaizki aritu, baina azkenean atera genuen hizkuntza.
 

Etxegoienek Euskadi Irratiko "Musikatea" saioa gidatzen du; mundu osoko eta garai askotako musika garaikidea aurkeztea gustatzen zaio.(Argazkia: Mikel Goñi). 

Zure lan-jardunaren gehiena euskaraz egin duzu. Zergatik?
Erantzunik behar ez delako, ezta? Hemengoak gara, eta gerta daiteke erdaldundutako belaunaldia izatea, baina horrek ez du esan nahi erdal nagusitasun horren alde egin nahi dugunik. Konturatu ginen badagoela gainbeheran etorritako mundu bat, eta euskaldun-modura norberarengan bazegoela biziraute-zentzu bat. Euskaldunak izan ez bagara ere, ez dugu hori galdu. Beraz, zergatik euskaraz? Bada biziraute-motibo batengatik.
 
Euskadi Irratiko Musikatea saioaren arduraduna eta esataria zara. Zer da zuretzat saio hori?
Beno, izenak berak dioen moduan, Musikatea musikaren atea izan daiteke, eta bertan eklektizismo batera jo nahi izaten dut. Musikan, bizitzako beste gauza askotan bezala, sektarismo handia dago eta Musikatea horrekin apurtzeko saiakera da. Aniztasuna bilatzen dut, oreka baino gehiago. Horregatik, ahal dela, estilo asko; ahal dela, hizkuntzak ere, asko. Orduan, Musikatean integratu nahi izan ditut gure inguruan zabaltzen diren zirkulu horiek guztiak. Euskal Herriko musika euskaraz, Espainiako musika, noski, espainieraz. Nik ez dut beste toki batera begiratuko Los Planetas bezalako taldea badago, edo Kataluniako Manel edo Asturieseko Nacho Vegas. Ahal dela, Frantziako musikari ere kasu egiten diot, oso interesgarria delako, eta Portugalgoari, eta mundu anglosaxoiari, eta Afrikari... Integratzen saiatu nahi dut, eta berriak eta zaharrak, gainera.
 
Hiru liburu argitaratu dituzu. Horietan lehena Neurona eta zeurona saiakera. Nola gogoratzen duzu?
Neurona eta zeurona... oso zaila da euskalduna izan eta euskararen gainean hausnarketa ez egitea, hizkuntzaren egoera higatuak horretara eramaten gaituelako. Hizkuntzari dagokionez, ez gara normaltasunean bizi. Ez naiz ari administrazioaz edo araudiaz bakarrik. Hizkuntza-ereduez dauden duda eta gorabeherak eta bestelako kontuak ditut buruan. Hori dela eta, nahiko logikoa da hausnarrean hastea hizkuntzarekin. Ondorioak ateratzen hasi nintzen, hasieran oso modu sakabanatuan. Argazki-modukoak idazten nituen, beraien artean harreman handirik ez bazuten ere. Gero, guztia bil zezakeen ideia-ardatza bururatu zitzaidan: hizkuntza-bizipena, neurri handi batean, bizipen estetikoa da. Hori da Neurona eta zeurona liburuaren ideia nagusia. 
 
Autorkarabana eleberria izan zen zure bigarren liburua.
Euskararen kontu hau lan kolektiboa da. Bestelako erregistro batzuk behar ziren, eta fikzio bat eraiki nuen neurea bezalako kasu batean oinarrituta; hau da, euskaldun ez osotuaren kasuan. Belaunaldi erretratua egin nuen, nahiz eta Autokarabanan agureak eta umeak badauden. Gizartea bere osoan harrapatu nahi duen margolana da. Aspaldian nerabilen autokarabanaren ideia, kontradikzio askorentzako bilgune egokia zelako. Zer da autokarabana? Dabilen etxea da. Etxea da egonkortasunaren erakusgarririk garbiena; baina, era berean, ibiltzen da. Hori gertatzen da pixka bat gure bailaran. Autokarabana luxuzko gailu bat da; baina, era berean, halako bizimodu sano eta soil bat egiteko erabiltzen da. Irudi ezin hobea ikusten nuen. 
 
Zinegotzia ere eleberria da.
Zinegotzia politika alorrean sartzeko saiakera da, baina norberarengan dagoen bestea bilatuz. Lur gainean marrak marrazteko joera dugu :“ni naiz heroi”. Nahiz eta guk marra zuzena marraztu, lurra irregularra da. Beraz, beti inperfekzio askorekin aterako da. Hemen ezker-eskuin, euskaldun-erdaldun hitz egiten dugu konpartimentu estankoak balira bezala. Baina, nire ustez, ez dira, inolaz ere ez. Zinegotzia bada horri buruzko hausnarketa bat.
 
Laugarren lana labean duzu. Bertan, kazetaritza eta literatura liburu-formatuan.
Erein argitaletxeak, egungo egoera sozioekonomiko bortitzean oinarrituta, liburu bat egin zuen 2013an. Elkarrizketan jarri zituzten ekonomia-alorreko buru batzuk. Ereinek antzeko zerbait egin nahi zuen euskaraz, eta beste adin-tarte bateko jendearekin. Nik proposatu nien Gari kantariarentzat nik egindako kanta baten egokitzapen batetik ateratako ideia. Kanta Pete Seeger-en We shall overcome (Nagusituko gara) zen. Ni ez nintzen horretaraino ailegatu. Kultura-alorreko hamabi lagun hartu ditugu, eta galdera egin diet: “Eutsiko diogu ala ez? Aurrera goaz ala ez?”. Nork bere alorretik erantzuten du, baina proiekzioak oso begi-bistakoak dira: euskarak eutsiko ote dion, herriak eutsiko ote dion, are gizateriak eutsiko ote dion.
 
Pertsona hauek profesionalak dira.
Bai, ez ditut elkarrizketatu nahi izan teoria hutsean dabiltzanak. Hil-bukaeran soldata ziurtaturik ez daukan jendearen bila joan naiz, horiek bizi dutelako errealitatea.
 
Telebistan, Katu kalez gain, beste lan batzuk ere egin dituzu.
Lan gehiena telebistan egin dut. Doctor Livingstone supongo, Ciudadanos izeneko saio bat, Lau haizetarako gidoiak, Kalaka, Anitzele, Bisitaria, eta gehiagotan egin dut lan.
 
Telebista-kritikari ere izan zara.
Tarte batez telebista-kritikaria izan nintzen. Tarte batean telebista eta telebista-kritika batera egiten aritu nintzen. Utzi behar izan nuen, bateraezina zelako. Txiklea eta pipak aldi berean jatea bezalakoa zen. Egin daiteke, baina… Gorabeherak eragin zizkidan. Zenbaitetan kritika bortitza egiten nuelako, telebistan betatu nahi izan ninduten. Gaur ikusi dut betatu nahi izan ninduen pertsona, eta elkar agurtu dugu.

 

 

 

Etxegoienek -lehena ezkerrean- 2010 urtean Euskadi saria irabazi zuen Autokarabana eleberriari esker. (Argazkia: Mikel Goñi).

 

 Euskadi Sariak zer ekarri zizun?

Maila pertsonalean, lehen nobela egin eta Kritika Saria zein Euskadi Saria irabaztea autoestimu-txute ikaragarria da. Oharkabe joan izan balitz, ordea, kontrakoa, frustrazio handi samarra. Hori guztia eramaten jakin behar da. Zorionez, Autokarabanarekin izan dut garaipenaren sentipen hori, baina kontrakoa gertatu zait Zinegotziarekin. Nire bigarren nobela, horrenbeste espero zena, oharkabe pasatu da; kritika txarrak izan ditu eta sekulako egurra eman didate.

 

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jan 12, 2015
Number: 1781147
Number of visits: 8825