Aldizkari Digitala

Joseba Irazoki: "Beti gustatu zait musika esperimentala"

Kontzertu askotara joan da Joseba Irazoki musikaria (Bera, 1974). Agertoki gainean gozatzen du, baina asko gustatzen zaio konposatzeko garaia. Musika entzuteko parada gutxi du, eta egiten duenean, batez ere, autoan egiten duela dio.

Duncan Dhu eta Atom Rhumba taldeekin aritzen da, baina bere musika-nortasuna agerian gelditu da ETB1eko Tumatxak saioan. Beldurti ekin zion proiektu horretan parte hartzeari, baina pozik dago programak eman dion oihartzuna dela eta.

Musikazaleentzat pertsona ezaguna zinen; baina jende askok iazko Tumatxak saioari esker ezagutu zintuen. Nolakoa izan zen telebistako esperientzia?
Zerbait berria izan zen. Normalean hiru kanta ematen zizkiguten, bertsioak ia-ia hurrengo astean prest edukitzeko, eta grabazioa oso azkarra izaten zen. Oso pozik nago saioak eduki zuen oihartzunarekin. Proposatu zidatenean, beldur pixka bat izan nuen. Gaur egungo telebistan ez dakigu geure burua nola azalduko den. Zuzendaria pixka bat ezagutzen nuen, eta berak esan zidan: «Zuk musika bakarrik egin behar duzu, gainera, askatasun osoz». Beraz, animatu egin nintzen. Gero ikusi nuen oso programa polita zela, eta publikoaren erantzuna oso ona izan zela. Horregatik pentsatu nuen oihartzun hori ondo etorriko zitzaidala.

Askatasun osoz jardun zinela esan duzu.
Bai askatasun osoa utzi ziguten. Nire zatia txikia zen, programaren bukaeran. Musikazaleek soilik ezagutzen gintuzten Napoka Iria taldea eta biok, eta askatasun osoz jardun ahal izan ginen, gainera, telebistako ordutegi on batean.

 

Musikazaleek ezagutzen bazuten ere, Tumatxak saioak egin du Irazoki oso ezaguna. (Argazkia: Eitb.eus)

Atom Rhumba taldean, Duncan Dhu taldearekin eta bakarka aritzen zara. Tumatxak-en ikusi dugun Joseba Irazoki al da benetakoena?
Gutxi gorabehera, bai. Azken urte eta erdian orkestra-gizon moduan ibili naiz. Dunbala nuela agertu naiz Tumatxak-en. Batzuetan ez dut jo, baina bueno… Kantuak nire erara moldatu ditut, astero soinu ezberdin bat-edo bilatzen saiatu naiz. Horixe gustatzen zait. Agian egin ditut disko estandarragoak, baina beti gustatu izan zait musika esperimentala, edo desberdina, bederen. Bertze bide batzuk bilatzen saiatu naiz eta telebistan pixka bat islatzen. Baditut bertze atal batzuk: disko instrumentalak, folkiak, oso esperimentalak… Duncan Dhu eta horiek denak nire fazeta profesionalean kokatzen ditut. Hori ere gustatzen zait, eta gehien landu dudana da. Horretarako ikasi dut. Baina bai, Tumatxak-ekoa da nire pertsonalitatea.

Zein da erosi duzun azkeneko diskoa?
Londresen, Silver Mt. Zion talde kanadarraren kontzertu baten ondotik izan zela uste dut. Otsailean edo, kar, kar.

Gogoan al duzu joan zinen azken kontzertua?
Jaialdietan ibili naiz lanean, eta jo ondoren entzun dut bat edo beste. Nahita joan naizen azkena The Sadies taldearen Donostiako kontzertua izan da.

Nolakoa da Interneten eta musikaren arteko harremana?
Gaur egun disko gutxi erosten dira. Nik zuzenekoetan edo horrelakoetan erosten ditut, behintzat. Eta bai, Interneten entzuten ditut. Euskarri fisikoa ere gustatzen zait, baina denda gutxiago daude eta ez dut hainbeste erosten. Kontzertuak ikustera asko joan izan naiz. Egia da gaur egun asteburuero lanean nabilela, eta oso zaila gertatzen zaidala, baina oso kontzertu zalea naiz. Hala ere, haur bat daukat eta 40 urte ditut. 40 urteko jendeak beste erritmo bat dauka; hilean behin edo ateratzen da, oso gustuko taldea ikustera. Asteburuero ateratzen direnak 20 urtekoak dira, eta horiek ez dute horren bereganatua kontzertuetara joateko ohitura. Hor zulo bat sortu da publikoan.

Nola gozatzen duzu gehien: zure etxean konposatzen edo zuzeneko batean?
Musikari guztion momentu gorena zuzenekoa da. Bizitzen diren sentsazioak oso indartsuak dira eta, baina, egia erran, nire lokalean konposatzen gustura nago, eroso eta lasai. Adibidez, Duncan Dhurekin edo Nacho Vegasekin presio puntu bat badago, eta horrek eragiten dit batzuetan horrenbeste ez gozatzea. Egun txarrak ere badira, eta orduan, gaizki jotzen dugunean edo sentsazio txarrak ditugunean, ez dugu gozatzen. Hala, zalantza daukat, lehenago zuzenekoa errango nuen, baina etxean gozatzen dut eta konposatzeko momentu hori aunitz polita eta nahiko magikoa da. Beraz, fifty-fifty.

Esnatu eta musika jartzen duzu edo irratia albisteak entzuteko?
Ez bata, ez bestea. Oporretan gehiago, baina lanean gabiltzanean neska-laguna goizago jaikitzen da, eta ni jaikitzean, haurrarekin… Lehen ere musika gutxitan jartzen nuen. Estudioa oso gertu dut, azkar gosaldu eta lanera joaten naiz, eta han jartzen dut. Hala ere, oporretan, albisteak baino gehiago jartzen dut musika.

 

Atom Rumba eta Duncan Dhu talde ezagunekin ez ezik, bakarka ere aritzen da Joseba Irazoki musikaria. (Argazkia: Mikel Goñi)

Non entzuten duzu musika?
Orain autoan entzuten dut musika gehiena. Nahiko ordu ematen ditut kotxean, eta hor gustura entzuten dut. Gainera, normalean, bakarrik bidaiatzen dut. Urtetan egin dut lan herriko musikariekin, musikari aunitz daude Beran; baina azken boladan bakarrik joaten naiz autoan; orduan, autoko musika hori da nire bidelaguna. Lanean laneko kontuak entzuten ditut, beste musikak-eta gozatzeko autoan eta pixka bat etxean.

Lasai eseri eta diskoa jartzea… Hori ahaztuta…
Bai, egia erran hori ez dut gehiegi egiten. Gehiago, agian, kaskoekin oheratzerakoan. Nahiko urduria naiz eta batzuetan ez naiz gai; ez daukat patxadarik.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Musikari asko dago Beran. Zein da hori gertatzeko arrazoia?
Bada... beno... egia erran, bada bai... Musikari aunitz daude Beran, eta bai, badaukagu musika eskola nahiko dezente bat, txaranga ere hor egondu da, e..., beti presente. Banda badago, eta beno, musika... musika herrian nahiko presente dago. Eta gero, bada rock musikariak-edo, bada azkenean badirudi bada bai, bada pixka bat... oihartzun nahiko edukitzen ari garela azken urteetan, ezta?
E... hasieran, edo gu gazteago ginenean, bada hor egon ziren... bada gaur egun beraiekin lan egiten dugu ere... baina... bada irazokitarrak: Mikel, Fernan... nire lehengusu Mikel Alpida... eta beno, ibiltzen ziren Urko, Emeak.... eta hortikan pixka bat pentsatzen dut bere ilobak, [haien] lehengusua naiz ni... hortikan pixka bat edan dugu. Eta kultura sartu zitzaigun eta alde batetik, nik uste, horrek zerikusi pixka bat edukiko duela. Gero, erraten dizut, nire ustez hor egon ginen bada lagun talde bat ere bai, oso musika zaleak ginena. Eta hamabost urtetik hogei hogeita piko urtera, hor gelditzen ginen, tabernan bada disko trukaketa... trukaketak egiteko, eta hor nik uste sortu zela gurean bada musikarekiko kristoren zaletasuna eta gauza berriak deskubritzeko kristoren gogoa, ezta?
Eta hor, nik uste, zerbait, har bat-edo sortu zela, eta beno emaitzak, agian igual. Edo beno, gaur egun ikusten da, orduko gazte horiek gaur egun bada hori musikaz bizitzen-eta. Eta orduan, nik uste, horiek direla arrazoi nagusiak, ezta?
Gero, elkarrizketaren batean galdetu digute, eta azkenean pentsatu behar duzu “zergatikan izan da?... Ez dakit”. Bada erraten dute, eta pentsatzen dugu, batzuetan gertatzen dela mugetan-eta sortzen direla, bada, leku biziak. Eta beno, agian, horrek ere zerikusia du. Bada, adibidez, Berako tabernetara etortzen dira tarteka Pabeko taldeak, bada Frantziako taldeak, edo beno... badaukago erlazioa Baionako jendearekin bada Bilboko jendeak baino gehiago, eta Baionako jendeak ezagutzen ditu Frantziako talde gehiago, eta azkenean bada igual badituzu eskurago mundu gehiago. Eta beno, agian, horrek ere eragin du. Orduan, nik uste, faktore bat baino gehiago dela. Baina beno, nire ustez, garrantzitsuena bada hori, bolada horretan ostatuetan egiten genituen disko-trukaketa horiek, bai. Niretzat bai.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Dec 19, 2014
Number: 1770501
Dialect:
  • Batua
Duration: 02:52
Number of visits: 7667