Aldizkari Digitala

Iparragirre, olerkaria, abeslaria eta musikagilea

Berea da, besteak beste, Gernikako Arbola kantua, euskaldunen nortasun-ikur bilakatu dena.

Jose Maria Iparragirre (Urretxu, Gipuzkoa, 1820 – Itsaso, Gipuzkoa, 1881) olerkari, abeslari eta musikagilea izan zen. Hark sortua da, besteak beste, Gernikako Arbola kantua, euskaldunen nortasun-ikur bilakatu dena. Musikaren eta poesiaren ikuspegitik haren lanak berritzaileak eta sakonak izan ez baziren ere, sentimenduen aldetik Iparragirrek eragin itzela izan du euskal kulturan.

Bizitza
Urretxuko garai bateko kale nagusian jaio zen, 1820. urtean. Aita gozoki-denda baten jabea zen. Zerainen maisu ziharduen osaba batekin egin zituen lehen ikasketak. Hamaika urterekin Gasteiza bidali zuten gurasoek ikastera, baina laster itzuli zen. Hamahiru urte zituela gurasoak Madrila aldatu ziren, baina berehala, 1833. urtean, Lehen Karlistaldia piztu zen, eta gurasoei ezer esan gabe osabaren etxera joan zen.

1834. urtean karlisten gudari-talde batean sartu zen, 1839ra arte. Lehen Karlistaldia amaituta, atzerrira joan zen, beste karlista asko bezalaxe. Frantzian jauntxo baten babesa izan zuen, eta Caroline Duprez abeslariarekin jardun zuen musika eta kantua ikasten, horretarako zituen berezko dohainak jorratzen. 1848an, frantziar agintariek erbesteratu egin zuten, 1848ko iraultzaren giro nahasian jendaurrean Marseillesa abestu zuelako.

Frantzia, Italia, Suitza, Alemania eta Ingalaterran barrena ibili ondoren, Bilbora itzuli zen, eta handik Madrila. Hantxe abestu zuen lehen aldiz, 1853. urtean, Café de San Luis kafetegian, bezperan konposaturiko Gernikako Arbola (Ikus: "Gernikako Arbola").

Euskal Herrira itzulita, 1855ean preso sartu zuten Tolosan, bere abestiek herriarengan pizten zuten sentimendu biziagatik (Ikus: “Nere amak baleki”/”Zibilak esan naute” bezala ere ezaguna). Euskal Herritik erbesteratu eta Espainian zehar ibili ondoren, berriro itzuli zenean, Angela Kerexeta neska gaztea ezagutu zuen. Argentinara alde egitea eta han berarekin ezkontzea proposatu zion Iparragirrek (Ikus: “Agur Euskal Herria”/"Gazte gaztetandikan" bezala ere ezaguna).

Horrela, 1858ko abuztuaren 29an, Baionatik itsasontziz abiatu ziren Argentinara. Han ezkondu ziren, Iparragirrek 36 urte eta Angela Kerexetak 17 urte zituztela. Ameriketan, ordea, ez zuen hainbesteko arrakastarik izan eta kontzertu bakarra egin zuen antzoki handi batean. Argentinan eta Uruguain artzain ibili zen 19 urtez, Euskal Herria beti gogoan. Azkenik, hango adiskide batzuek egindako diru-ekarpenei eta haren omenez antolatutako kontzertu bati esker, Euskal Herrira itzuli ahal izan zen 1877an, familia guztia Uruguain utzita (Ikus: "Hara non diran").

Sorterrian berriro, inoren laguntzarik gabe, eskean eta herriz herri kantatzen atera zuen bizimodua. Itsasoko (Gipuzkoa) baserri batean aurkitu zuen aterpe, harik eta 1881. urtean, bazkari eder baten ondoren, euripean lo egin eta pneumoniaz hil zen arte.

Gernikako Arbola
Nire amak baleki
Zibilak esan naute

Agur Euskal Herria
Gazte gaztetandikan
Hara non diran


Gernikako arbola
Da bedeinkatuba,
Euskaldunen artean
Guztiz maitatuba.
Eman da zabaltzazu
Munduban frutuba;
Adoratzen zaitugu
Arbola santuba.


Zibilak esan naute biziro egoki,
Tolosan behar dela gauza erabaki.
Giltzapean sartu naute poliki-poliki,
negar egingo luke nere amak baleki.
 
Jesus tribunalean zutenean sartu
ez zion Pilatosek kulparik bilatu.
Neri ere aurkitu ez, ez didate barkatu;
zergatik ez dituzte eskuak garbitu?
 
Kartzelatik atera fiskalen etxera
abisatu zidaten joateko berehala.
Ez etortzeko gehiago probintzia honetara,
orduan hartu nuen Santander aldera.

 


Gazte gaztetandikan
Herritik kanpora,
Estrajeria aldean
Pasa det denbora.
Herrialde guztietan
Toki onak badira,
Baina bihotzak dio:
“zoaz Euskal Herrira”.

Lur maitea hemen uztea
da negargarria.
Hemen gelditzen dira
Ama ta herria.
Urez noa ikustera,
Bai, mundu berria;
Oraintxe bai naizela,
Errukigarria.

Agur nere bihotzeko
Amatxo maitea!
Laster etorriko naiz
Kontsola zaitea.
Jaungoikoak ba nahi du
Ni urez joatea;
Ama zertarako da
Negar egitea?


Hara nun diran mendi maiteak!
Hara nun diran zelaiak!
Baserri eder zuri-zuriak,
iturri eta ibaiak.
Hendaian nago zoraturikan
zabal-zabalik begiak.
Hara, Euskalerri, lur hoberikan
ez da Europa guztian!

Oi, Euskal Herri, eder maitea,
Hara, hemen zure semea.
Bere lurrari muin ematera
beste gabe etorria!
Zuregatikan emango nuke
pozik bai nere bizia,
beti zuretzat, hil arteraino,
gorputz ta arima guztia.

 

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment