Aldizkari Digitala

Filmak jatorrizko hizkuntzan, euskarazko azpitituluekin

Jarduera gozagarriak eta ikasketak elkartzea ideia ezin hobea da. Zinema, berriz, jende askori gustatzen zaio; hori dela-eta, zinema euskaraz ikusteak hizkuntza bereganatzen lagundu dezake. Filmak euskaraz ikusteko hiru bide nagusi daude: euskaraz egindako filmak kontsumitzea, bikoiztutako lanak gozatzea eta beste edozein hizkuntzatan sortutako pelikulen euskarazko azpiidatziak irakurtzea. Euskararen irakaskuntzarekin harreman zuzena ez duen arren, Azpitituluak.com proiektuari esker ikus daitezke hamaika film euskarazko azpiidatziekin.

Luistxo Fernandez da proiektu honen sustatzaile nagusia, eta berak azaldu ditu egitasmoaren nondik norakoak. «Euskarazko leku bat da webgune hau filmak jatorrizko bertsioan ikusi nahi dituztenentzat».

Ez da lan kolektiboa
Ordenagailuaz baliatuta, erraza da film bat jatorrizko bertsioan eta azpiindizeekin ikustea. Filma erreprodukzio-programarekin ireki eta azpiindizeen fitxategia erabiltzea besterik ez dago. Hain zuzen ere, azpitituluen fitxategiak Azpitituluak.com webgunetik ordenagailura kopiatu daitezke.

Baina, nola iristen dira azpiindize horiek Azpitituluak.com-era? Fernandezek azaldu du: «Nik sortu nuen webgunea, eta nik neuk igo nituen hainbat tokitan topatutakoak». Horrez gain, hainbat pertsonak ekarpenak egin dituzte. Hala ere, proiektuaren sortzaileak ñabardura egin du. «Hau ez da lan kolektiboa, bakoitzak bere kasa egiten dituen lanen bilduma da». Jendearen parte-hartzeaz galdetuta, Fernandezek dio itzulpenak egiten dituztenak direla aldez aurretiko erabiltzaileak. «Norbaitek film bat itzuli badu, seguruenera, berak igoko du».

Zaletasunak bultzatuta, Fernandezek proiektu honi ekin zion. «Nik filmak azpitituluekin ikusten nituen, maiz erdarazko azpitituluekin». Gainera, fororen batean euskarazko azpitituluak aurkitu zituen. eta horiek egiten ikastea erabaki zuen duela sei bat urte. «Testu gutxi zuen pelikula bat aukeratu nuen eta ikusi nuen itzulpena erraza zela», gaineratu du sustatzaileak; horren ondoren «beste bat, eta beste bat...». Dagoeneko katalogo luzea osatu dute.

Lehena, Wall-e filma
Egitasmo honek 550 film inguru dauzka bere zerrendan. Fernandezek gogora ekarri du horietako lehena zein izan zen. «Wall-e izan zen nik egindako lehen filma, baina hori ez da euskaraz azpititulatu den lehen filma».

Pixar ekoiztetxeko Wall-e lana da Azpitituluak.com proiektuan itzulitako lehen lana. / Disney-Pixar

 

Beraz, Azpitituluak.com gordailu gisa funtzionatzen du. Bertan hainbat pertsonak eta elkartek egindako itzulpenak aurki daitezke. Beste batzuen artean, Filmazpit programaren funtsa jaso dute webgunean. Zinema Euskaraz elkarteak abian jarri zuen Filmazpit ekimena. Bertan, Jaurlaritzak, Donostiako Udalak, Euskadiko Filmategiak eta Euskal Herriko ikus-entzunezkoen beste eragile batzuek parte hartzen dute. Bere helburua da zinema-areto komertzialetan filmak euskarazko azpiindizeekin pantailaratzea.

Urtetik urtera, eta interesen arabera, aldatu egiten da ekarpenak egiten duten pertsonen kopurua. «Aurten, era aktiboan, dozena-erdi bat lagun izango ginen».

Film bakoitzeko hamar ordu
Pertsona horiek boluntario aritzen dira filmak itzultzen. Fernandezek dioenez, ohiko film batek gutxi gorabehera hamar orduko lana dakar. «Gero, filma berriro ikusi behar da, eta akatsak zuzendu behar dira, fitxategia prestatu baino lehen». Hala ere, sustatzaileak alderaketa egiten du: «maratoia prestatzea baino askoz gutxiago, hori segurua da».

Bukatutako lanak biltzeaz gain, webgunean lan horiek osatzeko azalpenak ere irakur daitezke. Fernandezek erraza dela dio. Azpitituluen fitxategiak testu-fitxategiak dira. Ohikoena da beste edozein hizkuntzatan dauden azpitituluak itzultzea. «Erdarazko lerroak dauden tokian euskarazkoak idaztea, horixe bakarrik egin behar da». Zehaztapen gehiago dago Azpitituluak.com webguneko wiki atalean.

Azpitituluen fitxategiez gain, azpiindizeak erabiltzeko eta itzulpenak egiteko argibide teknikoak daude Azptitituluak.com-en.

 

Fernandezek gogoratu du webgune honetan dauden lan gehienak amateurrak direla. «Salbuespena Filmazpit-en lanak dira; horiek itzultzaile profesionalek egin dituzte». Baina gaineratu du hainbat zinema-jaialditan egindako lanek ere itzulpen profesionalak dituztela.

The Bay, film deskargatuena
Webgunearen erabiltzaileek askotariko soslaia dute. Zinemazaleak, hizkuntzazaleak, film jakin batean interesa dutenak. Filmak ere askotarikoak dira. Gehienak film luzeak badira ere, film laburren eta telesailen azpitituluak ere aurki daitezke webgunearen katalogoan.

Film luzeen zerrendan badaude bitxikeriak. Azptitulu fitxategirik deskargatuena The Bay filmari dagokio. Erabiltzaileek 800etik gora aldiz kopiatu dituzte 2012 urteko film honen azpiindizeak. Filmazpit da lan honen itzulpenaren arduraduna.

Mota askotako filmen azpitituluak aurki daitezke webgunean; film berri-berriak zein Charlie Chaplin-en The Kid bezalako maisulan klasikoak.

 

Zinema komertzialeko izen handiekin batera, ikus-entzunezko lan apalagoak daude katalogo honetan. Bisitariak aurkituko ditu, esaterako, The Social Network bezalako film arrakastatsua eta Poloniako Moj rower komedia xume eta dibertigarria; biak ala biak deskargatuenen artean.

Proiektuaren sustatzaileak argi ikusten du euskara-ikasleentzako ekimen egokia dela. «Filmen euskarazko azpitituluak irakurtzea hizkuntza ikasteko modu bat da». Ahozko hizkuntza nola idatzi ikasi ahal izango dute ikasleek. Jarduera honek abantaila gehiago ditu. «Oso aukera ona da filmaren hizkuntza bera ikasteko; izan ere, azpitituluak oso zabalduta dauden herrietan ingelesaren ezagutza handia dago».

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Nov 18, 2014
Number: 1743526
Number of visits: 12410