Aldizkari Digitala

Iñaki Alegria: "Trinkotze-lana egiten dugu; hainbat alorretako espezialista euskaldunak biltzen ditugu"

Iñaki Alegriak (Donostia, 1957) pozik hartu du Udako Euskal Unibertsitatearen zuzendari izateko proposamena. Harreman estua izan du donostiarrak hezkuntza-erakunde honekin. Bertan eman zituen bere lehenengo euskarazko eskolak eta zuzendaritza-taldeko kide izan da bi txandatan. Diziplinen arteko harremanak sustatzea du helburuetako bat; bestea, berriz, online gradu-tituluak eman ahal izatea da.

Udako Euskal Unibertsitateko zuzendari berria zara. Nola hartu duzu kargua?
Ardura handiko postua da, baina ilusioz eta pozik hartu dut. Ni UEUko kidea naiz aspaldidanik, ia 30 urte baino gehiago. Zuzendaritzako kide bi txandatan izan naiz. Atxikimendu handia dut UEUrekiko, proiektua gustatzen zait, eta, proposatu zidatenean, baiezkoa eman nuen. Lan handia dugu aurrean, proiektu berriak ere bai.

Jende askok Udako Euskal Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroak nahasten ditu. Zer da UEU?
Bai, izenekin nahasmendua gertatzen da. Funtsean, gure lana da euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzea, euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzea eta unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jartzea.
EHU bera baino zaharragoa da UEU...
UEU jada erakunde beteranoa da, 34 urte ditu eta EHU baino lehen sortu zen. Garai hartan, Euskal Herrian unibertsitaterik ez zegoen. Bazeuden fakultate solteak, baina unibertsitate publikorik ez zegoen. Fakultate batzuk Valladolideko unibertsitatearen menpe zeuden; beste batzuk, berriz, Zaragozakoaren menpe. Ikasle batzuek euskal unibertsitatea sortzeko bidea hasi zuten. Karlos Santamariak landu zuen kontzeptua. Frankismoaren garaia zen, eta ekimena ilegala zen. Lehenengo bi bilerak, bi urtetan, Iparraldean egin ziren. Geroago legeztatu  zen, eta Iruñean hainbat urte eman genituen udako ikastaroak egiten. Udako ikastaroak eta argitaletxea sortu ziren aurreneko urteetan. Guk argitaletxea mantentzen dugu, eta udako ikastaroak ere bai; baina orain beste gauza asko egiten ditugu.

Nolakoa zen garai horretako UEU?
Ikasle eta irakasle euskaldunen bilgunea zen UEU. Barnetegi-modukoa zen. Euskaraz bizitzeko uharte bat. Euskaldun berriok ere euskaraz bizitzera joaten ginen, eta maila akademikoan praktikatzera ere bai. Gero EHU sortu zen, hori izan zen, nolabait, harrobia. Euskarazko irakaskuntza normalizatuaren harrobia izan zen EHU eta beste unibertsitate batzuentzat. Elhuyar eta UZEI ere une horretan sortu ziren, bertan agian ez, baina testuinguru horretan, gutxi gorabehera.

Nolakoa da gaur egun UEU?
EHUn eta beste unibertsitate batzuetan, euskarazko eskaintza bideratzen hasi zen, batez ere, ikasleen presioagatik. Bitartean, UEU udako izaeratik urte osoko izaerara pasatu da. Orain gure egoitza soziala Bilbon dago, bertan daukagu bulego nagusia. Egoitza akademikoa, berriz, Eibarren daukagu, Markeskoa jauregian. Han urte osoan dago aktibitate akademikoa . Beste urrats bat izan da telematikoa edo onlinekoa, hau da, irakaskuntza ez presentziala. Guk ematen dugu garai batean etengabeko formazioa deitzen zena. Gaur egun horri, bizi osorako formazioa esaten diote. Guk ezin dugu titulazio ofizialik eman, baina gure sarea eskaini egiten dugu eta beste unibertsitateen titulu ofizialak bideratu. Adibidez, graduondokoetan EHUrekin badaukagu hitzarmen bat eta tituluak ematen ditugu. Bestalde, trinkotze-lana egiten dugu; hainbat alorretako espezialista euskaldunak biltzen ditugu, jardunaldietan eta abarrekoetan. Esaterako, informatikari euskaldunen bilkura oso arrakastatsua da. Guk sarea jartzen jarraitzen dugu, bilgunea, eta, bestalde, eutsi egiten diogu udako euskal unibertsitateari.
 

2014ko martxoko batzar nagusian izendatu zuten Iñaki Alegria UEUko zuzendari. (Argazkia: UEU).

Nola ikusten dituzu euskal unibertsitateak?
Euskal unibertsitateak aurrera egin du, baina oraindik ez da lortu Karlos Santamariak proposatzen zuen eredua. Badakigu beste unibertsitateek eta EHUk ekarpenak egiten dituztela, baina iruditzen zaigu ez dagoela, nolabait esateko, D eredua unibertsitatean: euskara hutsean funtzionatzen duen unibertsitaterik. Garai hauetan oso zaila da pentsatzea beste unibertsitate fisiko berri bat sortzea, baina hori dago gure mugan. Momentu honetan online graduak eskaintzeko aukera daukagu eskuartean.

Euskara eta alor akademikoa biltzen dira UEUn. Zeini zuzentzen dizkio bere ekimenak UEUk?
Horretan aldaketa egon da. Garai batean UEUren ikasle gehienak unibertsitateko ikasleak ziren. Beraien ikastegietan ezin zuten ezer ikasi euskaraz. Gaur egun hori asko aldatu da, euskaraz ikasi nahi duenak tokiren batean edo bestean behar hori asebetea dauka; toki batzuetan ez, titulazioren bat ere ez; baina, orokorrean, euskaraz ikastea badago. Beraz, udako ikastaroetara eta urtean zeharreko ikastaroetara gaiak interesatzen zaizkien pertsonak datoz, hau da, ikasleak zein profesionalak. Ikastaroaren arabera aldatzen da, baina orokorrean ez da oso jende gaztea. Urtean zeharreko bilkuretan berdin gertatzen da, gazteak etortzen dira, eta baita profesionalak ere bai. Beste proiektu bat daukagu orain: ikertzaile gazteen bilkura. Hizkuntzalariena, osasunekoa, matematikariena, natur zientzietakoa... arloka egin ditugu. Baina, egun badaude ikertzaile euskaldun asko, munduan barrena eta oso maila akademiko onarekin. Espezialitatean oso jantzita daude, eta euskaraz ondo idatzi eta komunikatzen dira, baina ez haien artean. Ohiko unibertsitateek ez dute ondo bideratzen jakintza-arloen arteko komunikazioa eta jendea ezagutzea. Hori dela eta, planteatzen ari gara datorren urtean Ikergazte izeneko bilkura antolatzea. Garai bateko udako ikastaroen espiritua jaso nahi dugu... barnetegia izatea, bi gau pasatzea, eta jakintza-arlo guztietakoa. Hitzaldi nagusi batzuk izango ditu, eta baita tailerrak ere. Bertan gustuen edo beharren arabera biltzea egongo da, baina jakintza-arlo desberdinetako jendea izango da.

Zuzendari berria zaren heinean, norabide-aldaketarik izango al du UEUk?

Ideia nagusia aurrekoarekin jarraitzea da; hau da, urtean zehar ikastaroak antolatzea eta udan, argitaletxean eta datu-baseak bezalako lanak eginez. Nire ustez, sare sozialetan ere nahiko aitzindari izan gara, modu egituratu batean. Beste unibertsitateek ere sare sozialetan lan egin dute, baina modu ez egituratuan, eta gure txikian, ekarpen polita egiten ari gara. Horrez gain, Euskal Unibertsitatea sortzeko proiektuaren barruan, graduko tituluak online emateko asmoa daukagu. Argi dago guk bakarrik ezin dugula egin, diruaz administrazioarekin hitz egin behar baita. Lan handia egin behar da, eta artean badaukagu fundazio bat ikastolak eta beste hainbat eragile partaide dituena. Datozen bi urteetan murgilduko gara horietan, ohiko lanak ere aurrera eramanez, noski.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Euskara ikasten ari direnek tokirik al dute UEU-ren jardueran?
Beno, hombre, behar da maila bat. Nik uste dut UEUren papera, horrela, HABE eta ikasleen, eta beno euskara ikasleen aldetik, goi mailetan jada alde batetik, haien espezialitateko edo gustuko edo lanbideari begirako praktika egiteko lehenengo ikasle moduan, hartzaile moduan... ikasleak gero eta  parte hartzailea... handiagoa eduki behar du eta idatzi-eta. Baina beno, beti... Eta UEUk ere funtzio oso inportantea izan du, irakasle batzuk bere lehenengo eskolak eh UEUn eman dituzte eta UEU-k ere pixka bat jakintza arloen artean... transbertsalitate horrez gain eduki du beti, nik uste, oso ezaugarri ona eta ohiko unibertsitateetan ez dagoena eta da horizontaltasuna, horrela... irakasle-ikasle erlazioa askoz ere gertuagokoa izan da, eta bide horretan jendeari, beno ni nire lehen... euskaraz... Ni euskaldun berri... Beno nik jada ez dakit berri naizen, baina euskaldun berri nintzenean, behintzat, elehenengo eskolak UEUn eman nituen eta nik bezala beste asko... eta garai hartan ez ginen oso trebeak, eta beno... funtzio hori ere bete izan du eta nik uste dut bere neurrian betetzen ari da.
Onena izango litzateke unibertsitatean euskaraz ikastea, baina, pentsa dezagun, batek jada edo maila ez zeukalako nahikoa edo ezin izan duelako, edo edozein gauza edo euskara hobetu duela a posteriori bada aukera desberdinak dauzka. Topaketak horrela, arlokako topaketak, informatikariak direla, ikastaro zehatzak urtean zehar, udako ikastaroekin aukera oso-oso ona da, nolabait, euskaltegietan lantzen ez den hiztegi horrekin pixka bat lehenengo urratsak emateko eta... eta bere nolabait ezagutza ere, bada bere sarea pixka bat profesionalagoa edo teknikoagoa euskaraz egin ahal izateko oso toki interesgarria da.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Sep 11, 2014
Number: 1681511
Dialect:
  • Batua
Duration: 02:13
Number of visits: 6402