Aldizkari Digitala

Gramatika ikasteko estrategiak

Gramatikak hizkuntzaren sistema deskribatzen du eta hizkuntza ulertzeko eta azaltzeko balio du. Jakin badakigu gramatika hizkuntzaren alor garrantzitsu bat dela, hizkuntza ikasten ari direnentzat. Izan ere, gaitasun gramatikala komunikazio gaitasunaren osagai da. Baina nola eskuratzen dugu gramatika? Haurrak garenean ez dugu gure lehen hizkuntzaren gramatika hasieratik ikasten. Beharrezkoa al da bigarren hizkuntza ikasteko prozesuan gramatikari arreta jartzea?

Galdera horiei guztiei erantzuna topatzeko, ikerketa bat jarri dugu martxan euskaltegietako ikasle batzuen artean. Bi euskaltegi bisitatu ditugu horretarako: Lasarte-Oriako Udal Euskaltegia eta Donostiako Urrats euskaltegia. (Eskerrak eman nahi dizkiegu euskaltegi hauetako ikasle nahiz irakasleei, ikerketa hau egiteko eskaini diguten laguntzarengatik)

 

Ikerketaren nondik norakoak

Euskara-ikasle helduak estrategiak erabiltzen dituen ala ez aztertzea da ikerketa honen helburua. Eta noski, zein estrategia diren erabilienak ondorioztatzea ere bai. Oro har, ikasleek nola ikasten duten gramatika jakin nahi dugu, zer nolako garrantzia ematen dioten gramatikari.

Guztira, 40 ikasleren inkestak jaso ditugu, eta hona hemen bertatik ateratako emaitza nagusiak.

Azterturiko 40 ikasleak lehenengo mailakoak dira, hau da, Europako Erreferentzia Markoaren araberako A2 eta B1 mailatan ari dira ikasten. Ikasle hauek guztiek bi galdetegi bete dituzte, lehenbizikoan gramatika bera nola ulertzen duten jaso nahi izan dugu, eta bigarrenean, berriz, gramatika ikasteko zein estrategia erabiltzen dituzten. Galdetegiak bete ostean, batzuk elkarrizketa bat izatera ere ausartu dira. Elkarrizketan gramatikari buruz galdetu diegu: gustukoa duten ala ez, beharrezkoa dela uste duten ala ez, eta antzeko galderak.


Emaitzak eta ondorioak

Galdetegiak aztertu ostean, orokorrean ikasleek gramatikari garrantzia ematen diotela ondoriozta dezakegu. Bi ikasle-talde bereizten dira; batetik, txikitatik euskara ikasi dutenak eta euskaltegian hobetzen ari direnak; eta, bestetik, euskara heldutan huts-hutsetik ikasten hasi direnak. Bigarren talde honek, gramatikari garrantzi handiagoa ematen dio lehenbizikoak baino. Lehenengo taldekoek zuzen hitz egiteko eta idazteko behar omen dute gramatika, eta bigarrenekoek, hizkuntza bera ulertzeko oinarritzat hartzen dute. Ikasle askok erabili dute “oinarri” hitza gramatikaz aritzeko, hizkuntzaren egitura ulertzeko tresnatzat hartzen baitute gramatika.


Zuzentasuna eta segurtasuna dira ikasleek gehien aipatu dituzten kontzeptuak, ikasleei gramatika menderatzeak segurtasuna ematen die, eta azpimarratzen dute gramatikarik gabe zuzen hitz egitea eta idaztea ezinezkoa dela. Ideiak antolatzeko egitura beharrezkotzat jotzen dute gramatika. Eta beraz, gehienak ados daude gramatika ikastea beharrezkoa den ideiarekin. Hala ere, bakar batzuek haurren ikaskuntza-prozesua aipatu dute, eta esan dute haurrek hizkuntza bat ikasteko ez dutela gramatikaren beharrik, eta beraz, ez dela guztiz beharrezkoa komunikazioa gauzatu ahal izateko. Elkar ulertzeko ez omen da nahitaezkoa; ondo hitz egiteko, ordea, ezinbestekoa da.


Eduki gramatikal berri bat aurkezten zaienean, ikasle gehienek diotenaren arabera, zergatiak aurkitzen saiatzen dira. Hizkuntza azaltzen du gramatikak, gehienen ustez, eta beraz, eduki gramatikalek “esaten dena zergatik esaten den horrela” azaltzen dute. Adibideei garrantzi handia ematen diete, eta ondoren, araua barneratzeko ariketen beharra azpimarratzen dute. Batzuek diote irakasleak lehenbizikoz araua azaltzen dienean, galduta sentitzen direla, eta ondoren arau hori kalean beste modu batera erabiltzen dela. Adibideekin eta ariketekin ulertzen dute, ondoen, eduki gramatikal berria. Irakasleak paper garrantzitsua jokatzen duela dio hainbatek, eta irakaslearen arabera gramatika pisutsua ala atsegina suertatu daitekeela.

Ikas-estrategiei dagokienez, ikasleek maisutasunez erabiltzen dituztela esatera ausart gaitezke. Izan ere, estrategien inguruko galdetegiak puntu-sistema bat dakar (gehienez 75 puntu lor daitezke) eta ia ikasle guztiak 45 puntutik gora ibili dira. Beraz, garbi dago galdetegian aipatzen diren estrategia gehienak erabili egiten dituztela. Hala ere, bitxia da, ea estrategiak erabiltzen dituzten ala ez galdetu zaienean, askok ezezkoa eman dutela. Badirudi modu inkontzientean erabiltzen dituztela ikasle ugarik.

Hizkuntzen artean konparazioak egiten omen dituzte ikasle batzuek. Heldutan beste hizkuntzaren bat ikasi dutenek, badute praktika gramatika ikasterako garaian, baina gehienek diotenaren arabera, hobe da hizkuntzen artean erlazioak bilatzen ez saiatzea eta hizkuntza bakoitza bereiz ulertzea. Lau edo bost hizkuntza dakizkiten ikasle trebe gutxi batzuk ezagutzeko aukera izan dugu, eta oso ikasteko modu desberdinekin egin dugu topo. Euskara beste hizkuntzen oso desberdina da denen ustez, eta zaila omen da beste hizkuntzekiko antzekotasunak topatzea. Hala ere, bakar batzuk saiatzen dira eduki gramatikalak alderatzen, eta jada menderatzen dituzten gramatiketan oinarrituz hobeto ulertzen.

Gramatikaren erabilerari eta praktikotasunari dagokienez, ikasle gehienek oztopo edota zailtasun bat azpimarratzen dute: euskalkiak. Leku guztietan ez da berdin hitz egiten, eta askotan, klasean ikasitako eduki gramatikala kalean entzutea ez omen da batere kontu erraza. Telebista ikustean edota irakurtzean gramatikaz jabetzen saiatzen dira batzuk, baina kaleko hizkera euskaltegian ikasten dutenaren oso bestelakoa dela diote gehienek.

Laburbilduz, euskara ikasle helduek hizkuntza bat guztiz menderatzeko, gramatika ikastea beharrezkoa dela pentsatzen dute. Baina askotan, kalean zailtasunak izan ohi dituzte klasean ikasten dituzten eduki gramatikalak antzemateko. Batzuen esanetan, komunikatzeko eta elkar ulertzeko ez da guztiz beharrezkoa, baina zuzen hitz egiteko eta, batez ere, idazteko ezinbestekoa omen da. Bestalde, ikas-estrategiak maiz erabiltzen direla ikusi dugu, nahiz eta ikasle askok inkontzienteki erabili.
 

Nekane Solano
Eleaniztasuna eta Hezkuntza masterreko ikaslea
/ Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea UPV-EHU


Atxikita doazkizue ikerketa hau egiteko erabilitako inkestak. Irakasle nahiz ikasleren batek egin nahi izango balu, nsolano001@ikasle.ehu.es helbidera bidaltzea eskertuko nuke. Hartara, nire ikerketa-lanak lagin handiago izango luke. Eskerrak aldez aurretik, lankidetza hau eskaintzen duzuen guztioi.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Nov 21, 2013
Number: 1470198
Number of visits: 13740