Aldizkari Digitala

Tanzania, safari-herria

Safaria gertakari ahaztezina da. Hasierako gizakiek ehizara zihoazenean sentitzen zutena, bada, horrelako zerbait sentitzen da. Animaliak dira bere eremuan daudenak, eta zu, aldiz, kanpotar sudur-luzea.

Animalien bila arituko zara, badakizu bertan daudela…, baina Afrikako parke nazionalak alimalekoak dira: tamainaz Nafarroa bezalakoak dira zenbait, eta handiagoak ere bai beste hainbat. Eta animaliak ez daude geldi. Zebrak eta bufaloak, esaterako, belarjale-talde itzeletan doaz larre bila, eta horien atzetik doaz haragijaleak, lehoia, oihaneko erregea, buru dutela.


Lehoi-taldea atseden hartzen Serengetiko putzu-ertz batean

Hipopotamo astun bat, lehoinabar trebe bat arbolara igotzen, edo elefante-saldo bikain bat gertu, metro gutxira, ikusten den lehen aldian arnasari eustea da ia aukera bakarra, zirrara bizia sentitzea. Afrikako zenbait toki ikusita irudituko zaizu mundua oso-oso aspaldikoa balitz bezala ikusten ari zarela.

Bueno, honaino poesia! Zeren ingurura begiratuta hautsi egingo zaizu xarma. Izan ere, gehienetan ez zaude zu bakarrik. Azken batean, safaria ordain dezakezu, baina zuk bezalaxe munduko beste milaka pertsonek ere bai! Beraz, batzuetan oso zaila da lehoia orroka bakarrik azaltzea zure argazki ezin ederrago horretan; agian lehoiaren alboan, hortxe azalduko zaizkizu bizpahiru furgoneta turistaz beteta.


Elefanteak bidea gurutzatzen Tarangiren

Tanzania da Afrikako herririk hoberenetakoa safarirako. Kenyan baino jende gutxiago dabil, Botswana baino merkeagoa da, Hego Afrika baino hurbilago dago eta Namibian baino fauna gehiago. Eta badu beste alde on bat: safaria bukatu eta egun batzuk igaro daitezke Zanzibarko hondartzetan, Tanzaniako uharte paradisiakoan, Indiako Ozeanoan. Arusha da safari-guneetatik gertuen dagoen hiria, eta hemendik hegazkinez aise iristen da uharte horretara. Iristeko beste era bat Dar Es Salaamen, Tanzaniako hiriburuan, itsasontzia hartzea da.

Safari-parke jendetsuenak Tanzania iparrean daude: Serengeti, Ngorongoro, Tarangire eta Manyara. Paraje txundigarriak dituzte, baina baita jendetza ere, tamalez. Eta jendetza gorroto baduzu, hobe duzu hegoaldera joatea: Selous edo Ruaha aldera. Ez dira hain apartak, animaliak ere sakabanatuago daude, baina askozaz ere jende gutxiago dabil.

Afrikako parke nazional tipikoa da Serengeti. Telebistako dokumental ugari bertan grabatutakoak dira. Izugarria da lautada, eta badira zenbait mendixka ere. Han bizi da Afrikako fauna. Ibaiak hipopotamoz eta krokodiloz josita daude, zelaietan milaka eta milaka zebra daude, baita antilopeak eta ñuak ere. Lehoiak ziurtatuta du jatekoa. Elefanteek badakitenez areriorik ez dutela, hantxe dabiltza paseatzen lasai-lasai. Jirafek euren lepoak luzatzen dituzte akazia-gainetatik. Eta egunero hainbat globok Serengetiko zeru goiak zeharkatzen dituzte egunsentian. Hortik parajeek ezin ederrago dirudite, baina, dena esatera, oso garestia da. Hori egitea ez dago guztien esku.


Globoa gorantz egunsentian Serengetin

Serengetin ekainekoa da hango ikuskizunik liluragarriena. Iparrera doaz ñuak lauoinka bizian, zebrak bidaide dituztela. Serengetin belarra ihartu egiten da urteroko sasoi lehorrean, eta larre berri bila doaz Kenyara, Masai Marara. Hemen euri-garaia bukatu berria da. Bidean naturaren oztopo batekin egiten dute topo, Mara ibaiarekin. Bertan dituzte zain lehoi eta krokodiloak. Ñuak ibaian sartzen dira, eta eginahalak egiten dituzte handik bizirik ateratzeko. Gehientsuenek lortzen dute, baina asko hiltzen dira Maran.

Ngorongorok Bibliako paradisua dirudi ia. Sumendi zahar baten kraterra da, ia 20 kilometroko diametroa duena. Erdian aintzira gazdun bat bada, milaka flamenko arrosen bizileku. Kraterraren ertzetik hondorainoko desnibela 600 metrotik gorakoa denez, ikusmira ederra da erabat. Animalia pila dago. Errinozeroak ere ikus daitezke: hori zailagoa da beste parke batzuetan.


Masai gazteak ganadu-feria batean

Abegikorrak dira tanzaniarrak. Eta Tanzaniako hizkuntza nagusian agurtuko zaituzte: jambo (kaixo), karibu (ongi etorri). Kondaira aldetik herririk ezagunena masai herria da Tanzanian. Masai-jendeak harreman berezia izan du betidanik lehoiekin. Miresten dituzte, baina hauengandik euren behiak babestu behar dituzte, dauzkaten behi-kopuruetan neurtzen baitute aberastasuna masaiek. Garai batean behien odola eta esnea zuten elikagai bakarra. Eta gizon heldu bihurtzeko, lantzaz akabatu behar zuten lehoi bat mutil gazteek. Masaiek tradizioei eusten diete, eta artzain izaten segitzen dute, baina turismotik bizi dira geroz eta gehiago, eta lantza bezain beharrezkoa dute eskuko telefonoa.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Sep 3, 2013
Number: 1400093
Number of visits: 8087