Aldizkari Digitala

Arte prerromaniko asturiarra

Arte prerromaniko asturiarra Picos de Europa mendien babesean sortu zen. Musulmanen erasoen aurrean kristau-erregeek erresistentzia-guneak sortu zituzten bertako mendietan. VIII. mendean Pelaiok arabiarren aurka hasitako borrokari Alfontso I.ak eta II.ak jarraitu zioten hurrengo mendean. Ondorengo urteetan Asturiar Erresuma Galizia eta Leon aldera zabaldu zen. Asturiar Erresumaren berpizkundeak Karlomagnoren inperioaren ereduei jarraitu zien. Arte asturiarraren monumenturik ederrenak Oviedo inguruan daude. Asturiar monarkia izan zen artelan hauen bultzatzaile eta bere ezaugarri nagusiak arkitekturaren arlokoak dira.

Arte asturiarra hiru zatitan banatzen da:

1. Alfontso II.aren garaia (791-842). Eraikuntzarik esanguratsuenak Oviedoko Ganbara Santua eta San Julian de los Prados eliza dira.
Ganbara Santua Toledotik ekarritako erlikiak gordetzeko eraiki zen, bisigodoen erresuma erori ondoren. Ganbara honen egiturak Santiago Konpostelakoan Mateo maisuak eraikitakoaren antza du. Bertan gordetzen dira Agaten kutxa, Garaipen gurutzea eta beste zenbait luxuzko artelan.
San Julian de los Prados edo Santullano prerromaniko estiloko erakinik handiena da. Elizak Erromako basiliken oinplanoa du. Hiru nabe ditu eta nabe nagusian erregearen tribuna. Erdi-puntuko arkuak ditu. Sabaia egurrezkoa da eta elizaren sarrerako zutabeak marrazki geometrikoekin. Hormetako eta gangetako pinturak oso interesgarriak dira.

2. Arkitektura asturiarraren eraikinik ederrenak Ramiro I.aren (842-850) aginte garaikoak dira: Narancoko Santa Maria eta Lilloko San Migel, eta Lenako Santa Kristina elizak. Lehenengo biak egile berarenak dira. Biak Oviedo hiriaren gainean, Naranco mendiaren maldetan, elkarrengandik oso gertu.
Narancoko Santa Maria eraikina erregearen udako jauregia izan zen, eliza izan aurretik. Lauki zuzeneko oinplanoa eta bi planta ditu. Goiko gela handiaren bi ertzetan begiratoki ederrak. Kapitel batzuk korintio estilokoak dira eta besteak soka edo kordoi irudiekin apainduak.


Lilloko San Migel eliza

Lilloko San Migel elizak ere planta basilikala du. Bere diseinua oso estilizatua da. Leihoetan harrizko saretak ditu, batzuk jatorrizkoak eta besteak XVII. mendean elizaren zatia erortzean berritutakoak. Sarrerako atearen janbetan bizantziar estiloko erliebe bikainak. Barruko hiru nabeen arteko arkuetan soka edo kordoi diseinuak.
Pola de Lenakoko Santa Kristina elizaren ezaugarririk garrantzizkoena barruko nabe bakarrean duen ikonostasia edo hiru arkuko egitura da. Estribo handiak ditu kanpoaldean, Lilloko San Migel elizak bezala.


Pola de Lenako Santa Kristina eliza


3. Alfontso III.aren erregealdian (866-910) Valdedioseko San Salvador eliza eraiki zen. IX mendearen bukaerakoa da. Kanoi-ganga eta hiru zatiko burualdeak ditu.

Erresuma izatetik Printzerri izatera pasatu zen hiriak garai bateko eta gaur egungo eraikin interesgarriak gordetzen ditu.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment