Aldizkari Digitala

Juan Gorriti: egurra modu berezian lantzen duen artista

"Ni ez naiz artista eta ez dakit artea zer den"

Juan Gorriti Goldazarena Oderitzen jaio zen, Larraunen (Nafarroa) 1942an. Zurgina dela esaten du, baina eskultorea eta margolaria ere bada. “Nik ez dakit artea zer den”, horixe errepikatzen du behin eta berriz; bere hitzetan, “sentitzen” duena egiten baitu. Jorge Oteizari eta Remigio Mendibururi esker murgildu zen artearen munduan, eta dagoeneko bere lengoaia propioa sortu du. Baserritarra eta artzaina jaiotzez, egurrarekin egiten du lan, batez ere. “Laugarren dimentsioa” eta “Gorriti urdina” dira bere zigiluak, eta hainbat erakusketatan bere lanak ikusteko aukera eskaini du. Azkenengoa Aralar itsasmiran izeneko erakusketa izan zen, Donostiako Miramar jauregian, 2016ko irailean. Orain, Arriben (Nafarroa) bizi da, eta bertan bere lanez inguratuta elkarrizketatu dugu.

 

 

1.  Nola sortzen dituzu zure lanak?

Lanak ez dira eskuz egiten. Gure aitonak esaten zuen bezala, lehendabizi sentitu egiten dira: buruarekin zer egin erabaki eta eskuarekin sortu, hori baita erreminta. Ni mendiko guardaren semea naiz, gaixorik dagoen zuhaitz bat. Izan ere, ni gaixorik jaio nintzen. Ordutik nire sendagairik onena lan hauek egitea izan da, barre asko egitea eta sentitzea. Nik sentitzen dudana egiten dut; sortzen dut. Gainera, ez dakit gaur arratsaldean zer egingo dudan, baina zerbait egingo dut. Nik ilusioa daukat, gauzak egiteko ilusioa!

2.  Nola ezagutu zenuen Remigio Mendiburu?

Nire koinatuak esan zidan: “Ezertarako balio ez duen egurrarekin gauza ikaragarriak egiten dituen gizon bat bizi da Intzan…”. Ni orduan Iparraldetik Betelura iritsi berria nintzen, eta errestauratzaile [zaharberritzaile) egiten nuen lan. Hori zen nire azkeneko lanbidea, bat baino gehiago izan ditut eta. Beraz, gizon hura ezagutzera joan nintzen koinatuarekin; dotorea zen eta bizarra zeukan… Remigio Mendiburu zen bera. Nik garai hartan ez nekien artea zer zen, eta orain ere ez dakit. Mendibururen lana ikusi nuenean, esan nion: “Hau artea bada, Azkarateko (Aralar) zuhaitz motza erakutsi behar dizut”. Biok joan ginen hori ikustera.
Remigio Hondarribitik etorritako itsasgizona zen, eta ni mendiko basapiztia bat; arrantzalea eta artzaina elkartu ginen. Nire ustez, nahasketa horretatik biok aberastu ginen; biok ikasi genuen.

3.  Zer da natura zuretzat?

Niretzat natura artea da. Naturak zirrara sortzen du; gure aberastasuna da, eta herri bateko Artnatur-a oso garrantzitsua da.

4.  Zer da Aralar Juan Gorritirentzat?

Jorge Oteizak Arantzazuko Santutegiko harrizko apostoluak egin zituenean, esan nion: “Nirekin Aralarrera etorri behar duzu eta horrelako harriak zenbat dauden ikusiko duzu. Nik Aralar ezagutzen dut; bertan bizi naiz”. Elkarrekin harri horiek ikustera joan ginen. Argi eta garbi ikusten da naturak, euriak, denborak, izotzak, haizeak… Harria nola lantzen duten. Niretzat denbora unibertsitate handia  da.

 

 

5.    Nola definituko zenuke zeure burua?

Mendian, lanean edo etxean sentitzen dudana egiten dut. Ni ez naiz artista bat, eta ez dakit artea zer den. Nik artzain izan behar nuen, baina porrot egin nuen, ez bainintzen hori izatera iritsi. Horregatik artzainen espazioa hartu dut, eta, hortik abiatuta, topaketak sortu ditut. Niretzat artzaina artista da.

6.    Orduan, zuk egiten duzuna zer da?

Artea ezagutu nuenean, artistei esaten nien: “Zu artista bazara, ni Aralarren aterik gabeko galeria batean jaio naiz”. Nik sentitzen dudana egiten dut, eta lanbidez zurgina naiz: teilatuak konpondu ditut, kofratze-lanetan ibili naiz … Lanbide bat daukat, eta, horrez gain, denbora, Aralar bezalako aterik gabeko galeria bat… Txikitatik jakin izan dut artista handiek zer ikusten duten: beharra, denbora eta naturak egindako formak.

7.  Zer da urdin kolorea zuretzat?

Txikitan aitarekin lan egin nuen Uharte-Arakilen: idiekin batera eta bestera, sorora gariaren bila… Idiekin ordubeteko bidea egiten genuen, eta ni beti gurdiaren gainean joaten nintzen, zeru urdinari begira. Garai hartako urdin hura da nire lanetan agertzen dena.

8.  Ilusioa eta haurrak aipatu dituzu hainbat aldiz. Zergatik dira garrantzitsuak?

Ni Paleolitikotik Internetera pasatu naiz, baina sarean ez daukat ezer. Ni jolasten ibiltzen nintzen, lana egitea niretzat jolas bat zen. Konturatu gabe bizar zuria daukat… Niretzat ilusioa da garrantzitsuena; hori izan da gaixo jaio nintzenetik nire defentsa. Haurrek ilusio hori nabaritzen dute. Nik jada 500 urte ditut eta elkarrizketa honen unea amaitu da; ez dago; pasatu da. Hori da nik dudan ilusioa, eta hori gabe nire gaixotasunak berriro esnatuko dira.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.  Nola sortzen dituzu zure lanak?
Eskuz lanak ez dira egiten. Egiten dira lehendabizi sentitu, gero, gure aitonak esaten zuen bezala: “Buruarekin jan, buruarekin erabaki nola egin behar den, eta eskua da erraminta bat”. Nola ni naizen jaioa mendiko guardaren semea, eta naiz arbol (zuhaitz) eritu (gaixo) bat, zeren gaixo jaio nintzen… Nire medizina (botika) hoberena izan da ikusten duzun historia hau, gero barre asko egitea, eta hori, sentitzea. Eta egunero egunero, nik, adibidez, arratsaldean ez dakit zer egin behar dudan, zer egingo dudan ez dakit baina egingo dut zerbait, daukat ilusioa, ilusioa, ilusioa!
2.  Zer da natura zuretzat?
Konturatu nintzen ni natura artea zela. Bueno artea… Natura zela oso emozioa (zirrara) ematen zuena, natura zela gure aberastasuna, herri baten nik esaten dudana ez? Artnatur, naturaleza. Aralarren, niretzat da galeri bat, aterik gabeko galeria bat.
3.  Artista zarela uste duzu?
Orain egiten dudan dena, dena, dena, sentitutakoa, nahiz mendian nahiz lanean nahiz nire etxean. Horregatik esaten dut ni ez naizela artista, eta artea zer den ez dakit. Ni naiz, benetan esango dizut, artzain frakasatu bat. Ni(k) artzaina izan behar nintzen (nuen), bai, bai, benetan esaten dizut, baina nola frakasatu dut (dudan), ez dut frakasatu nahi izan dudalako artzaina izan, baizik konturatzen naiz nire historia, artzain mundua… Orduan zer egin dut? Artzainen espazioa hartu eta ikusten duzue, dena topaketak, eta ez dakit nola esplikatu (azaldu), hori da, pixka bat, niretzat artzain bat artista bat da.
4.  Zergatik erabiltzen duzu urdina?
Begira, ni egon naiz txikitatik, 13-14 urterekin aitaren etxean Uharte-Arakilen, idiekin horrela bueltaka-bueltaka egun guztian. Bazkaltzera joan, eta gero etorri. Eta gero, joaten ginen gariaren bila sorora joan, idiak lotu, goizeko lauretan joan, ordubete joan, eta bestea etorri. Zen jostailu bat hori! Ni etortzen nintzen gurdi gainean, eta beti zerua urdina, urdin hori, urdina hori. Eta gero, urdin hori, urdina daukat laneko zera, niretzat zen jolas bat, egiten genuen jostailuak lanerako eta lana zen jostailua. Zeren bai, egiten genituen gauzak. Orduan urdin hori daukat…
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jul 14, 2017
Number: 13932647
Dialect:
  • Batua
Duration: 04:02
Number of visits: 3480