Aldizkari Digitala

Rabat, Marokoko hiriburu ezezaguna

Marokok dituen hiri ezezagunenetakoa dugu Rabat. Jende askorentzat ez da Casablanca bezain erakargarria, baina ezagutzea pena merezi duen hainbat txoko eta monumentu ditu.

Ez da bidezkoa Rabatekin egiten duguna normalean. Maroko aipatzean, bidaiari guztiek goraipatzen dituzte Fez, Marrakex, Merzougako dunak, Atlas aldeko herrixka galduak, Essauira eta bere hondartzak, Xauen eta hango etxe urdinak … Eta ia guztiek ahazten dute Rabat. Noski, hiriburua denez, jakintzat ematen dute hiri handia izango dela, eta ez oso erakargarria. Ez ba!: ez da ez jendetsuena, ez garrantzitsuena. Hori Casablanca da. Eta bai, Rabat erakargarria da. Hainbat toki bisita daitezke, historia aldetik garrantzizkoak.

Postetxeko bulego nagusia.

Rabat nahiko hiri atsegina da. Jakina, trafiko asko dago, baina hiri-erdiko kaleetan paseatu daiteke edo dendak ikusi, eta kaleko saltzaileak ez dira Marrakex edo Fezekoak bezain astunak turistekin. Izan ere, bi hiri horietan ez zaituzte bakean uzten zerbait erosi arte.
Toki lasai baten bila bagabiltza, Errege Jauregi ingurura joan gaitezke. Eraikina polita da, Marokoko estilo tradizionalekoa, eta Marokoko erregearen etxebizitza ofiziala. Dena den, ez da erraza Mohamed VI.a ikustea. Alde batetik, ez dutelako uzten jauregira gehiegi hurbiltzen, eta, bestetik, erregeak jauregi asko dituelako Marokon; diotenez, urteko gau bakoitzeko bat, berak hala nahiko balu.
Sala Colonia hiri erromatarraren aztarnek erakusten dute Rabat antzinakoa dela, Sala Colonia Kristo aurreko I. mendekoa baita, baina data hori baino lehenago bizi izan ziren bertan feniziarrak eta kartagotarrak. Ondoren, 1300 urtean-edo, marindar leinuak Chellah nekropolia jaso zuen bertan, eta horixe da gaur egun ikus daitekeena. Nekropoliaren hiri-aztarnak ez dira oso ikusgarriak, baina ingurua bera bai. Parkea dago, zikoinek hartua, zikoina-habiaz beteta. Parkeko bideen ondoan, berriz, laranjondoak, pikondoak eta olibondoak daude.


Kasba barruko etxe bateko atea.

Hassan Dorrea da Rabateko monumenturik esanguratsuena. Yusuf II.ak, Al-Mansur sultan almohadeak, eginarazi zuen 1195ean. Egiten hasi ziren, baina bukatu ez. Izan ere, sultanak orduko islamiar herrietako minareterik luzeena nahi zuen, 60 metrotik gorakoa, baina egiten hasi eta lau urtera, 44 metro zituenean, bertan behera utzi zuten, sultana hil egin zelako. Dorrearen tamaina baino gehiago haren sendotasuna eta dekorazioa dira deigarriak. Sevillako Giraldaren antza du askoren ustez, eta ez da harritzekoa. Izan ere, garai hartan Yusuf II.a sultanak Espainiako hegoaldea menpean zuen, eta berak agindu zuen Sevillako monumentu ezaguna egitea.

Hassan Dorrea, Rabateko monumenturik esanguratsuena.

Hassan Dorretik gertu dago Mohamed VI.aren Mausoleoa. Sekulakoa da marmolezko eraikina, eta Hassan II.a eta Mohamed V.a bertan ehortzita daude, erregearen aita eta aitona alegia. Aitona izan zen Maroko modernoaren lehen erregea, 1957an Frantziarengandik  independentzia lortu ondoren. Nahiko solemnea da mausoleoa; sarreran bi zaindari daude zaldi-gainean. Behar bezala jantzita joan behar da, eta isilik egon, baina, jakina da, turista asko dagoen lekuan isiltasuna lortzea ezinezkoa dela. Turista asko daude, eta asko marokoarrak dira, hiriburura etorri eta, bide batez, mausoleoa ikustera joandakoak.

Mohamend V.enaren mausoleoa, egungo erregearen aitona.


Marrakex eta Fezeko medinak exotikoagoak dira Rabatekoa baino. Honek ez ditu hainbeste labirinto, baina merezi du. Medina batek izan beharreko guztia dauka: harresiz inguratutako gunea, espezia-azoka usaintsua, nekazarien alde koloretsua, eta urrearen azokako erakusleiho distiratsuak.


Rabateko azoka.

Medinaren bukaeran, mendixka bat igota, Kasba dago, gaztelu moduko bat, Rabat itsasoko erasoetatik babesteko. Hau ere, Marokoko beste batzuekin konparatuta, xumeagoa da, eta erraz ikus daiteke barrutik gidaririk gabe. Dena den, sarreran, gezurrezko gidariak daude, eta beraiekin ez bazoaz galdu egingo zarela esango dizute. Kasbaren barruko kaleak garbi daude, etxeak kare zuri distiratsuz margotuta, eta noizbehinka, kontrastea sortuz, ate hori edo leiho berde bat ikus daiteke.

Kasbaren gainetik oso ondo ikusten da Bou Regreg ibaiaren estuarioa, eta beste aldean dagoen Sale hiria, Rabaten bikia eta historia aldetik Rabat bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa, agian.

Kasbaren sarrera, gaztelua.

Salen gaur egun jende gehiago bizi da Rabaten baino, baina ez du aparteko gauzarik turistei eskaintzeko. Hori bai, jakin nahi bada marokoarrek bizimodua nola ateratzen duten, joan daiteke, baina han ez daude turistak ikusten ohituta, eta beharbada deseroso senti daitezke turista kuxkuxeroekin.
Beraz, Salen deseroso bazaude, Rabat erdigunera itzultzea da onena, adibidez, Mohamed VI.a Etorbidera. Berehala konturatuko zara Rabaten neskarik gehienak mendebaldekoak bezala janzten direla, eta Salen, aldiz, ilea ezkutatzen dutela zapiarekin. Marokon gobernu islamiarra dago agintean, oraingoz behintzat, eta agerikoa da Benkiran lehen ministroak  musulmanen ohiturei eman nahi diela lehentasuna.

Hiztegi lagungarria:

  • Bidaiari guztiek goraipatzen dituzte. Bidaiari guztiek miresten dituzte.
  • Jendetsuena. Jende edo biztanle gehien duena.
  • Nahiko hiri atsegina da. Hiri atsegin samarra da.
  • Antzinakoa. Aspaldikoa.
  • Monumenturik esanguratsuena. Monumenturik garrantzizkoena.
  • Haren sendotasuna eta dekorazioa dira deigarriak. Haren sendotasunak eta dekorazioak pizten dute arreta.
  • Ez da harritzekoa. Ez da harrigarria.
  • Sekulakoa da. Oso handia da.
  • Hiriburura etorri eta, bide batez. Hiriburura etorri direla aprobetxatuz.
  • Harresiz inguratutako gunea. Inguruan harresia duen gunea.
  • Erakusleiho distiratsuak. Erakustoki argitsuak.


 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jul 4, 2017
Number: 13709979
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 2987