Aldizkari Digitala

Uxue Barkos: "Osasun zerbitzu publikoetan zein aberatsak garen ikusteko balio izan dit"

Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela-eta, hemen eskaintzen dizugu gaitz hori bizi izan duen Uxue Barkosi egindako elkarrizketa, eta beste zenbait material horri erantsita. Ia hamarkada bat igaro da Uxue Barkosek (Iruñea, 1964) kazetaritza utzi eta politikagintzari ekin zionetik. Orduz geroztik, bidea luzea eta zaila izan da berarentzat, tartean bularreko minbizia gainditu behar izan baitu.

Gaixotasunak “indartu” egin du iruindarra. Atzera begira jarrita, aldaketarekin ez da damutzen eta “politikarekin asko gozatzen” ari dela aitortu du. Hori bai, ez du ahazten bere “benetako pasioa” kazetaritza dela; horregatik, argi du “nola edo hala” horretara bueltatuko dela.
 

Noiz eta nola hartu zenuen politikagintzan hasteko erabakia?
2003. urteko Gabonetan jakin genuen Nafarroako alderdi abertzale, progresista eta ezkertiar batzuek koalizioan joateko erabakia hartu zutela. Nire izena proposatu zuten hautagai izateko eta baiezkoa eman nuen. Ez nuen asko pentsatu, ziur asko, garai hartan  denbora gehiago izan banu, erabakia kontrakoa izango zen. Erabaki itzela izan zen eta.

Inoiz damutu al zara hartutako erabakiaz?

Bizitza honetan beti daukagu damutzeko aukera eta, aldi berean, hartutako erabakiez pozteko. Bai, damutzeko uneak izan dira, baina, oro har, ez naiz damutzen. Aukera ederra izan da nafar abertzaleon hitza Madrilgo diputatuen kongresura eramatea. Hori poztekoa izan da eta gozatzeko modukoa, gainera.

Kazetari garaiko zer oroitzapen duzu?

Ni kazetaria naiz. Eta beti izango naiz kazetari. Hori da nire lanbidea, baina gehienbat hori da nire pasioa. Kazetaritzak sortu dit politikarekiko pasioa. Gaur egun, nahiz eta kazetaritzan ez aritu, horretara bueltatuko naiz, nola edo hala.



Iragana atzean utzi eta hitz egin dezagun gaur egun duzun bizimoduari buruz. Nolakoa da zure egunerokoa?

Oso lanpetuta nabil (kar, kar). 10 urteko semea daukat, Xabier. Nire senarra ere hona eta hara, neu ere egun batzuetan hemen (Iruñean), beste batzuetan Madrilen… Ez da batere erraza guztia uztartzea. Beti izan naiz nahiko pertsona kaotikoa, baina bizitzako une honetan ikasi dut garrantzitsua dela agenda egunero irakurtzea eta betetzea. Gauzak horrela eramanda iristen gara gauza guztietara. Horrela eta loari ordu batzuk kenduz.
 
Euskaldun bat Madrilen. Zer moduz hartzen zaituzte?
Ez hori bakarrik, euskaldun nafarra. Beraientzat euskalduna Gipuzkoako, Arabako edo Bizkaiko jendea da. Kongresura iritsi nintzenean, denek uste zuten gipuzkoarra nintzela, izenagatik-edo. Eta nik ezetz, nafarra nintzela. “Baina Ipar Euskal Herriko Nafarroakoa?” galdetzen zidaten. Eta nik, ezetz. Erabat harritu ninduen Espainiako nazionalismo politikoan topiko hori instalatuta egotea, Nafarroan ez dagoela abertzaletasunik, ez dagoela bizitza euskaldunik, inposaketa bat dela.
 
Zaila al da Kongresuan nafar abertzale izatea?
Kongresuan ez. Kongresua nolabait “mikrokosmoa” da. Denok dakigu gure posizioek ez dutela gehiengoaren oihartzunik, nahiz eta PPk eta PSOEk badakiten zer den gehiengo osoa. Bertan erraza da nork bere nortasuna azaltzea. Baina kalean bai, kalean zaila da. PPk eramandako topikoen politikaren ondorioz, Madrilgo leku askotan ez da batere erraza abertzale izatea.

Madril utzi eta Nafarroara joango gara. Zein da egoera bertan gaur egun?
Ez da batere erraza. Lehen ardatz gisa, krisia aipatuko nuke. Langabeziak gogor astindu du hemen. Bigarren ardatzean, egoera politikoa dugu. Parlamentuan gehiengo osorik eta akordiorik ez duen alderdia daukagu. Horrek egonkortasun eza sortzen du. Hirugarren ardatza, berriz, ustelkeria da: hor dugu CAN auzia, pil-pilean. Ustelkeriak gauzak berotzen ditu kalean.

Eta nola konpondu hiru ardatz horiek?
Langabeziaren datuak aldatzeko, guztiok egin beharko dugu lan. Parlamentuan erabaki bateratuak hartu beharko ditugu. CANen kasuan, espero dut epaitegietan zein ikerketa batzordean bertako kudeaketa ezagutzea. Azkenik, gobernuari begira, akordiorik lortu ezean, hauteskundeak aurreratzea da irtenbide bakarra.

Maila pertsonalean, une zailak bizitzea tokatu zaizu, bularreko minbiziarekin.

Bai, minbizia nolabait heriotzarekin lotu ohi dugu. Eta egia da, gaixotasunak heriotzarekin aurrez aurre jartzen gaitu. Heriotza ez da gure egunerokoan hizpide, baina minbiziak gogorarazten digu azkenean gauzak hor amaitzen direla. Zentzu horretan, prozesu berezia da. Tratamendua, berriz, oso gogorra izan da, mina eta beldurra ezagutzen dira. Bestalde, osasun zerbitzu publikoetan zein aberatsak garen ikusteko balio izan dit. Haiekin maiteminduta atera nintzen. Altxor bat da teorikoki defendatutakoa geure larruan frogatzea.



Oraingo murrizketekin, kolokan ikusten al dituzu zerbitzu hauek?

Bai, erabat. Politikak erabakiko du krisi honetatik nola atera. Bi era daude, aurretik genituen altxor guztiak mantenduz, hau da, hezkuntza, osasun eta menpekotasun zerbitzuak aurrera ateraz, edo hauek salduz.

Zer esango zenieke zuk bizi zenuen egoeran dauden emakumeei?

Lehenik eta behin, oso esku onetan daudela. Konfiantza osoa izan dezatela osasun langileengan. Eta, batez ere, tratamendua irauten duen bitartean, bizi egin behar dutela. Lehenengo unetik gure etxean bizitzarekin jarraituko genuela erabaki genuen eta erabaki ona izan zela uste dut.

MOTZEAN
Iruñeko txoko bat. Edozein parke, Iruñeko txoko berdeak.
Madrilgo txoko bat. Madrilgo Alde Zaharreko edozein tabernatxo.
Lagun on bat kongresuan. Asko dauzkat, baina bat aukeratzekotan, Emilio Olabarria.
Jaki bat. Nafarroako barazki guztiak.
Edari bat. Ardoa.
Bizitzeko hiri bat. Iruñea eta euskal kostako edozein herri.
Oporretarako leku bat. Galizia. Senarrak inposatutako tratua daukagu, bera bertakoa da-eta.
Plan perfektua. Bazkaritxo bat familiarekin eta lagunekin, ardo on bat eta ordu asko aurretik solasaldirako.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Noelia Lataburu.- Kazetaritza utzi eta politikagintzari ekin zenion. Noiz eta nola hartu zenuen erabakia?
Uxue Barkos.- Erabakia 2004 urtearen hasieran, beno, 2003 urtearen amaieran, Gabon haietan ezagutu genuen Nafarroan alderdi batzuen erabakia, kasu hartan, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Eusko Alderdi Jeltzaleak hartutako erabakia, gero Batzarre batu zen koalizio hartara eta abertzale zein progresista edo ezkertiar askorentzat izan zen Nafarroan benetan politikoki berririk ederrena urte askotan. Eta saiakerak egiten ari zirela alderdi horiek denok jakin bagenekien hautagai bat adosteko –ez dut esango lortzeko- baina bai adosteko beraien artean, eta horretan nire izena atera zen, proposamena egin eta baiezkoa eman. Ez nuen asko pentsatu, ziurrenik ordu gehiago izan banu garai hartan esku artean agian erabakia kontrakoa izango zen. Baina egia esan erabaki potentea izan zen nire bizitzan, bizitza pertsonalean baita ere, nire bizitza profesionalean gehienbat, baina disfrutatu dut asko azken urteetan beraz…
N.L.- Ez zara damutu hartutako erabakiaz, beraz.
U.B.- Beno, nik uste dut bizitza honetan beti daukazu aukera damutzeko eta aldi berean hurrengo momentuan gauzak edo hartutako erabakietaz pozteko, ez? Eta, bai, damutzeko momentuak izan dira, baina orokorrean ez eta, beno, azken finean, nik izan dudan lana eta, lana baino gehiago aukera, politikoki diot, aukera ederra, eta izan dela abertzaleon hitza Madrilgo diputatuen kongresura eramatea, nafar abertzaleon hitza edo batzuen, baina hitz abertzalea, ez? Nafarroatik hitz abertzalea diputatuen kongresuan ba benetan ba ez dakit, poztekoa izan dela eta disfrutatzeko modukoa, gainera.
N.L.- Kazetari garaiko ze oroitzapen duzu?
U.B.- Beno, ni kazetari naiz. Eta beti izango naiz kazetari. Hori da nire lanbidea, baina gehienbat hori da nire pasioa, argi eta garbi gainera. Eta politikarako eta politikarekiko pasioa nolabait kazetaritzatik datorkit, nahiz eta gurasoen etxean politika beti izan den gai bat egunerokoa baita ere, ez? Horretan apasionatuak izan gara denok. Baina esan bezala agian kazetaritzatik datorkidan pasio hori, ez? Politikari. Beraz, esan bezala, ni kazetaria naiz eta nahiz eta horretan ez egin lan egun, gaur egun, horretara bueltatuko naiz nola edo hala ez dakit nola izango den, baina horretara bueltatuko naiz, nola ez.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Apr 9, 2013
Number: 1282110
Dialect:
  • Batua
Duration: 03:06
Number of visits: 4191