Aldizkari Digitala

Begirik bildu ezinik

Euskaldunok ez omen dugu behar adina atseden hartzen eta loari ordu gehiegi lapurtzen omen dizkiogu. Horren ondorioz, estres, urduritasun eta antsietate-kasuak gero eta gehiago dira gurean. Sendagairik onena ohitura txarrak aldatzea eta lo-orduak errespetatzea dela esaten dute adituek.

Gutxi eta gaizki egiten dugu lo. Ondorio horiek atera zituzten Ameriketako Estatu Batuetan eginiko ikerketa batean. Eta euskaldunon artean ere, oro har, horrela dela esan digu Lara Lopez psikologoak. Berak, beste arrazoi batzuen artean, estresa, antsietatea eta lo egin ezina pairatzen dituen jendearekin egiten du lan. “Jendea ez da ohartzen, baina nekeak eragiten ditu estres eta antsietate kasu asko eta asko”. Atseden hartzea lanetik kanpo egotea dela uste dute askok, baina adituak azaldu digunez, “hori baino gehiago da; izan ere, buruak eta gorputzak, biek hartu behar dute atseden”.

Lara Lopez psikologoa lo egitearen garrantziaz jabetu da, estresa eta antsietatea daukaten pertsonekin aritu ondoren.

Atseden hori lortzeko, “ohiturak aldatu egin behar ditugu”; izan ere, oso berandu oheratzen omen gara eta, horren ondorioz, gorputzak ez dauka astirik atseden hori lortzeko. “Jendeari galdetzen diogunean, denek uste dute lo-ordu asko egiten dituela, baina sakondu ondoren, egunean zehar izaten dituzten jarrera asko lo falta horren ondorio direla ohartzen gara”. Lopezen esanetan, afaria aurreratu beharko genuke, gaueko hamarretarako ohean egoteko. “Lanean arreta gehiago jartzeko, aisian indartsu egoteko, osasuntsu sentitzeko eta gauzak lasai hartzeko, ezinbestekoa da lo egitea”. Batez ere, astegunetan hartu beharreko ohiturak omen dira, asteburua libreago uztea komeni delako. “Egunean zehar gauza asko egiten ditugu ohituraz, baina ohera sartzeko ordu hori beti moldagarria iruditzen zaigu. Lortu behar da ordu hori errespetatzea, otorduak edo lanetik irteteko ordua errespetatzen ditugun bezala”.

Atsedenaren onurak
Askorentzat ohean sartzea amesgaizto bihurtzen da, bueltaka hasi eta ezin izaten dutelako lorik hartu. Hain zuzen, biztanleen % 10ek onartzen du insomnioa duela edo izan duela. Egoera horretan, eguneko jarduera guztiak txukun egitea “ezinezkoa da”. Insomnioari aurre egiteko, “arin afaltzea” gomendatzen du psikologoak eta afaloste lasaia egitea, familiarekin tertulia txikia eginez, liburu bat irakurriz… “Ohera sartu aurreko tartean buruak atseden hartu baldin badu, errazago hartzen gaitu loak”.

 


Ondo lo egiten ez dutenek, lanean arazoak izaten dituzte arreta mantentzeko.

Insomnioaren datu horiek murriztuko balira, lan- eta trafiko- istripu gutxiago izango liratekeela baieztatu du Lopezek. Baina ez hori bakarrik. Izaeran ere aldaketa nabarmenak sentitzen dituzte arazo hau dutenek. “Pertsona hauek autoestimu arazoak izaten dituzte, eta askotan kosta egiten zaie jendearekin harremanak izatea; baina lo egiten ikasten dutenean, euren buruarekin erosoago sentitzen dira”.

Etxeko txikienak
Haurrek eta nerabeek ere “lo-ordu gutxiegi” egiten dituzte. Lopezen ustez, “egunean zehar, umeek mila ekintza egitea nahi dugu (eskolako lanak, eskolaz kanpoko ekintzak, kirola…) eta horretarako, gutxienez, hamar orduz egin behar dute lo”. Izan ere, gauean, lo daudela, umeen burmuina garatu egiten da eta horrexegatik da hain garrantzitsua ordu horiek errespetatzea. Hori lortzeko, errazena “txiki-txikitatik lotarako ohitura egokiak hartzea da”.


 Etxeko txikienak ere jolasean ari direla lo geratzen dira askotan.

 Lo egitea denbora alferrik galtzea uste dutenak oker daude, beraz. Ordu horiek esna egingo dugun denbora baldintzatuko baitute.


Inkesta: Nahikoa deskantsatzen duzula uste duzu?

1. Esti Barandiaran
Gauean, berandu sartzen naiz ohera, egia esan. Telebista ikusiz lasai egotea gustatzen zait, afaldu eta gero. Batez beste, sei ordu eta erdiz egiten dudala esango nuke, baina goizetan ez dut logura-sentsaziorik izaten. Beraz, zure galderari erantzunez, bai, deskantsatzen dudala esango nuke. Hori bai, asteburuetan beti ordu gehiago egiten ditut, presarik gabe jaikitzen naiz.

2. Nerea Tolosa
Uneotan galdera hori erantzutea ez da oso fidagarria, nire kasuan. Ordu gehiago egitea gustatuko litzaidake, baina urtebeteko ume txiki bat daukat eta aspalditik ez dakit zer den gau osoan lo egitea. Dena den, horretara ere ohitu naiz eta egunean zehar ez naiz nekatuta sentitzen. Laneko erritmoarekin ahaztu egiten zait, nahiz eta iluntzerako leher eginda egoten naizen.

3. Aitor Madina
Ni oso lotia naiz. Asko gustatzen zait lo egitea eta, nire lanak uzten didan neurrian, ordu dezente egiten ditut ohean. Bederatzi ordu baino gutxiago egiten baditut, ez naiz egoten neure onenean. Lanean eta kalean gustura egoteko, ordu horiek, behintzat, behar ditut. Beraz, bai, ondo deskantsatzen dudala uste dut.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment