Aldizkari Digitala

Denda txikiak, kinka larrian

Txiki izatea beti izan ohi da zaila. Gure herri eta hiriko dendari txikiei galdetzea besterik ez dago. Pertsiana jasotzearekin batera, krisiaren ondorioak sufritzen dituzte, merkataritza-gune handiekin lehiatzen dira eta bezeroen beldurrari aurre egin behar izaten diote. Datuak ere kezkagarriak dira, izan ere, 2008. urtetik Gipuzkoan bertan 2.000 saltokitik gora galdu dira.

Gipuzkoako 21 herritako merkatari-elkarteek osatzen dute Dendartean. Bertako teknikaria da Josune Insausti eta denda txikiek bizi duten egoera aztertu du: “Une honetan Gipuzkoako merkataritza txikiaren egoera oso zaila da, eta gure merkatariak une gogor batean murgildurik daude, nahiz eta gauzak bere onera etorriko diren esperantzarik ez galdu”.

Elena Ortiz bere dendan

Elena Ortiz tolosarrak arropa-denda txiki bat dauka eta Insaustik adierazitakoa berretsi du: “Egoera benetan zaila da; batzuk larri dabiltza eta beste batzuek beldur handia dute”. Gaur egun, beharrezkoak diren erosketak baino ez dituzte egiten erosleek. “Janaria beharrezkoa da; beraz, arropak, osagarriak eta horrelakoak kentzen ditu jendeak”. Krisiaren aurretik, merkealdi-sasoia “oso ona” izaten zela esan digu Tolosako dendariak, baina orain “arropa erdi prezioan egonda ere”, jendeak asko begiratzen omen dio diruari: “Lehen jendeak erosi egiten zuen, orain saltzen jakin beharra dago”. Dena den, baikor azaldu da Ortiz eta, bere ustez, “egoerak buelta emango du”. Hala izatea espero du ,“bestela, gureak egin du”.

Insaustiren ustez, krisia da egoera honen jatorria. Beste arrazoien artean, “BEZaren igoera, langabezia, murrizketak…” aipatu ditu. Dendari txikien egoera aldatzeko beharrezkoa ikusten du “finantzazioa erraztea eta konfiantza sortzen duten neurri eraginkorrak abiaraztea, kontsumoa sustatzeko”. Elena Ortiz ere bat dator: “Instituzioek neurriak hartu beharko lituzkete guri laguntzeko”.

Krisia sektore guztietan nabari da, baina denda txikiek oztopo gehiago ere badituzte. “Krisi honek eraginda, gure herrietako biztanleek bizi duten egoera larria eta kontsumitzeko agintariek sortu duten beldurra oztopo bihurtzen dira dendari txikientzat. Gainera, ohitura berrietara egokitu behar dute eta teknologia berriak erabiltzera ia behartuta daude”, azaldu du Insaustik. Erosteko modua ere aldatu egin dela uste du Dendartean elkarteko teknikariak. Alde batetik, “gaur egun Internet bidezko erosketen kopurua asko igo da” eta, bestalde, “erosketen aurreko jarrera ere aldatu da: beharrezko gauzak bakarrik erosten dira eta prezioei asko begiratzen zaie, ulertzekoa den moduan”.

Denda txikien abantailak
Esan bezala, bezero askok prezioari begiratzen diote erosketak egitean, eta horrexegatik aukeratzen dituzte merkataritza-gune handiak. Baina kalitatea ere garrantzitsua dela esan du Elena Ortizek. Bere esanetan, “zenbatu ezinak dira” denda txikien abantailak. Denda handietan topatzen ez dugun “gertutasuna dugu gure dendetan”. Gainera, “ezagunak gara eta, erosi ondoren ere, konponketak, erositakoa itzultzea… errazagoa da gurean”.

Krisia dela-eta, denda txikien egoera oso zaila da.

 

Insaustik, halaber, denda txikien ezaugarriak aipatu ditu: “Beste gauza askoren artean, zerbitzu profesionalik onena eskaintzen dute. Horrez gain, bertara joateko ez dugu autoa erabili behar eta horrela gure ingurumena zaintzen dugu”. Baina ez hori bakarrik: askotan, “kontuan hartzen ez ditugun zerbitzuak ere eskaintzen ditu dendari txikiak, aholkularitza-zerbitzua, esaterako. Eta uste baino lan handiagoa ematen dugu erosleok”.


Inkesta: Non egiten dituzu erosketak?

Lorena Lasa

Gure amak arropa denda txiki bat dauka herrian. Etxean jaso dut denda txikietan erosteko beharraren garrantzia. Horregatik, herriko dendetan egiten ditut erosketa gehienak. Arropa, zapatak, fruta eta barazkiak, haragia, arraina… dena denda txikietan egiten dut. Hori bai, aitortu behar dut etxerako zenbait gauza erostera (garbiketako produktuak, komunekoak, janaria,…) denda handietara joaten naizela.

Martin Olano

Batzuetan denda txikietara joaten naiz, zerbait berezia denean, opariren bat egiteko edo niretzat kapritxoren bat nahi dudanean. Bestela, egia esan, denda handietan dena merkeago lortzen dugu. Poltsikoa estutu beharra dago.

Begoña Zubeldia


Badakit bertako komertzioari eusteko denda txikietan egin beharko genituzkeela erosketak, baina niri erosoagoa eta, batez ere, merkeagoa iruditzen zait merkataritza-gunera joan eta guztia bertan erostea. Denbora eta dirua aurrezten ditugu eta, gaur egun bizi dugun egoeran, hori garrantzitsua da.

Iñigo Terradillos


Herrietako ekonomiarentzat oso garrantzitsua da herritarrok bertan erostea. Nik denda txikietan egiten dut den-dena. Komertzioa bultzatzea ezinbestekoa da herria bizirik egoteko. Bakarrik bizi naiz, baina otordu gehienak etxetik kanpo egiten ditudanez, oso janari gutxi erosten dut. Beste erosketa guztiak egiteko, ez naiz herritik ateratzen.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment