Aldizkari Digitala

Ezkerra izatea, oztopoz jositako bidea

Inoiz sentitu al duzu guztia oker eta alderantziz egiten duzula? Bada, sentsazio horrekin topo egiten dute egunero-egunero pertsona ezkerrek. Eta ez dira gutxi. Izan ere, munduko biztanle guztien artean, hamarretik bat ezkerra da. Baina mundua eskuinena da, asmakizun guztiak beraiek erabiltzeko pentsatuta daude eta, horren ondorioz, hamaika oztopo topatzen ditu ezkerra denak bere egunerokoan: zerbait moztu behar duenean, janaria prestatu behar duenean, musika jotzean, idaztean, edatean…

Zailtasun horiek jasaten ditu Andoni Mujika gazteak. Andonik 32 urte dauzka eta ederki gogoratzen du, ikastolan hasi zenean, denek eskuina erabiltzeko esaten ziotela. “Zenbait urtetan bi eskuekin idazten aritu nintzen, irakasleek eskuinarekin saiatzeko esaten zidatelako. Baina eskuinarekin gero eta okerrago egiten nuen eta ezkerra bakarrik erabiltzen bukatu nuen”.

Andoniri ezkerra erabiltzen utzi zioten. Zorte ona izan zuela esan daiteke, izan ere, garai batean, ezker asko eskuina erabiltzera behartzen zituzten, ezkerra “okerrarekin, alderantzizkoarekin, arraroarekin lotzen zutelako”.

Baina usteak erdi ustel. Denborak erakutsi du ezker izatea ez dela txarra eta, zorionez, gaur egun, gehiago errespetatzen da. Hori dela eta, badaude merkatuan ezkerrentzako produktuak: guraizeak, lata-irekigailuak, josteko makinak, eskolako mahaiak, labanak, lanabesak, musika-tresnak… Andonik aitortu duenez, berak ez ditu inoiz produktu horiek erabili. “Eskuinentzako produktuak erabiltzen ohituta nago eta ez dut sekula erosi guretzat bereziki eginiko ezer. Arraro sentituko nintzateke”.

Zailtasunei buruz galdetuta, berak “umorez” hartzen ditu, “kontatzeko moduko anekdotak dira”. Ikastola garaiko musika-gelako aulkiak ditu gogoan: “Eskuinentzat ziren eta nik bi erabiltzen nituen ezkerrarekin idatzi ahal izateko. Denek barre egiten zidaten”. Eskua etxera beti zikina eramaten zuela ere gogoratu du, tinta guztia bertan itsatsita geratzen baitzitzaion. “Eskerrak ez dudan gehiegi idazten orain”, esan digu algara artean. Ezker izateak bere abantailak ere bazituela aipatu du jarraian. “Futbolean gutxi ginen baloiari ezkerrarekin ematen genionak eta jokatzeko aukera gehiago genituen”. Beste ezaugarri bat  zen beretzat ezker izatea, “argala izatea bezalakoa” eta ez du inoiz sentitu baztertu egiten zutenik .

Pertsona ezagun askok ezkerra erabiltzen dute eta horrek ere lagundu du beraien irudia aldatzen. Benetan bitxia da AEBetako presidenteena. Gobernuan izan direnen artean, bost ezkerrak dira: Gerald Ford, Ronal Reagan, George Bush, Bill Clinton eta Barack Obama. Are gehiago, 1992ko hauteskundeetan hiru hautagaiak ezkerrak ziren eta 2008koetan ere biak. Buruzagi izateko dohain bereziak ote dituzte ezkerrek?

Eta zer dio medikuntzak?
Zergatik da pertsona bat ezkerra edo eskuina? Gaiak interesa pizten du eta ikerketa ugari egin dira, baina medikuntzak oraindik ez dio erantzunik eman galdera horri. Ezker- eta eskuin-joeraren aldeko desoreka zerk eragiten duen argitu ezinik, bi joeren arteko desberdintasun esanguratsuak identifikatzera bideratu dira azterketa gehienak. Kanadan eginiko ikerketa baten arabera, esaterako, umeki garenetik gure gorputzaren alde bat gehiago erabiltzen hasten omen gara.

Ikerketak gaineratu du, eskuinak “eskuinagoak” direla, ezkerrak “ezkerragoak” baino. Hau da, ezkerrek hobeto erabiltzen dutela eskuina, eskuinek ezkerra baino. Datu hori entzunda, Andonik uste du hori izan daitekeela “ume garenetik egoera askotan eskuina erabiltzera behartuta gaudelako, eta eskuinei ez zaie horrelakorik gertatzen”.

Beste datu bat ere aipatzen du ikerketak. Hain zuzen ere, ezkerren artean gehiago direla gizonezkoak emakumezkoak baino. Estatistiken arabera, hiru ezkerretik bi gizonezkoak dira. “Gure gelan bi ezker ginen, eta biak mutilak ginen”, aitortu du Andonik.


Ezkerren inguruko zenbait mito

Mito eta gezur ugari zabaldu dira ezkerren inguruan. Hona hemen zerrendatxo bat:
-    Ezkerraldera hegan egiten duten hegaztiak augurio txarren adierazle dira.
-    Europako Iparraldeko herrialdeetan, asteko edozein egunetan ezker bat ezagutzeak oso zorte txarra ematen du, asteartean izan ezik. Hain zuzen, astearte hitzaren ingelesezko jatorria hori da: Tuesday.  Tiw Eskandinaviako Jainkoa ezkerra da. Ezkerraren eguna, beraz.
-    Indian esaten dute eskuin eskuarekin jan behar dela. Izan ere, “gauza on guztiak eskuin eskuarekin egiten dira”.
-    Kristautasunean ere topatzen dira mitoak: eskuin eskuak bedeinkatzen du beti, deabrua ezkerra da eta Liburu Santuan eskuinaren aldeko 100 adierazpen daude eta 25, berriz, ezkerraren aurka.
-    Islamean, berriz, ezkerra lizunkeriaren irudia da beti.
-    1921. urtean psikiatriari buruz sinatutako itun batean azaltzen denez, ezkerrak eroak ziren. 60ko hamarkadan, bestalde, ezkerra izateak dislexiarekin zerikusia zuela esan zuten.
-    Eskuin belarrian azkura baldin badugu, gutaz ondo hitz egiten ari direla esan nahi du; ezker belarrian baldin badugu, aldiz, gaizki esaka ari dira gutaz. Eskuekin ere bada mitorik. Eskuin-eskuan azkura baldin badugu, dirua jasoko dugu; baina ezkerrekoan izanez gero, dirua bueltatu beharko dugu.

Interesatzen zaizu

  • Ezkerrak

    Ezkerrak gaur egun ez daude garai baten bezain behartuak. Irratsaio honetan ezker batzuen azalpentxoak, herrialde batzutako ohitura bitxiak eta ezker ospetsuen zerrendatxo bat datoz.

    Ezkerrak
  • Ezkerrak: mundua aldrebes

    Ezkerrak: mundua aldrebes

    Ezkerren mundua aztertuko duzu sekuentzia didaktiko honetan. Lehenengo atazan, garuneko hemisferioak nola banatzen diren ikusteko aukera izango duzu, eta horrela, hainbat funtzio ezkerraldearekin ala eskuinarekin sortzeko joera ulertuko duzu. Bigarren atazan, ezkerren zenbait ezaugarri aztertuko duzu testua irakurrita. Hirugarrenean, berriz, haurra eskuinarekin idaztera ohitu behar ote duen galdetuko dio ama batek pediatrari kontsultan; horren harira, medikuak emandako aholkuari erreparatuko diozu.

    Ezkerrak: mundua aldrebes
 
 

Comments
Login for comment