Aldizkari Digitala

Liburutegiak, garai berrietara egokitzeko premian

Berrikuntza teknologikoak direla-eta, orain arte ezagutu ditugun liburutegiek behar berrietara egokitzen hasi behar izan dute. Paperezko liburuak apaletan geratzen ari dira eta irakurleek formatu digitalak aukeratzen dituzte. Egoera horretan, zer funtzio daukate gaur egun liburutegiek? Zer bide hartu behar dute gizarteari orain arte emandako zerbitzua ematen jarraitzeko?

Euskal Herrian era askotako liburutegiak daude: foru- eta udal-liburutegiak, kultur etxeetakoak, Sancho el Sabio eta tankera horretako ondare-liburutegiak eta abar. Guztiek ere sekulako erronka daukate aurrez aurre: gizartearen abiaduran aldatuz joatea eta erabiltzaileen beharrak asetzea, krisiaren eraginez baliabide ekonomikoak asko urritu diren  urte hauetan.
                                          
 

Teknologia berrien eraginez, gizartea aldatzen ari da eta liburutegiek ere aldatu egin behar izan dute, erabiltzaileei zerbitzua ematen jarraitzeko. Informazioa, liburuak eta edukiak euskarri digitaletan eskuratzen ditugunez gero, batek baino gehiagok pentsatuko du liburutegiak zaharkituta eta funtzio praktikorik gabe geratu direla.

Erabiltzaileen ohiturei begiratzen badiegu, ordea, paperetik digitalera doan jauzia  pixkanaka ari da gertatzen, eta badirudi oraingoz luze jarraituko dutela batak bestearen ondoan, irakurleen beharrak asetzen.

Liburutegien funtzioak, betikoak eta berriak
Atzerriko ereduak aztertu ditu Arantxa Urkia Donostiako Udal Liburutegi Zerbitzuko zuzendariak, eta esan digu sekula baino garrantzitsuagoak direla gaur egun liburutegiak, «digitalizazioaren garaian ere betiko zerbitzuak ematen jarraituko dugu: irakurketa publikoa, kontsulta, mailegua, bizitza osoko trebakuntza, irakurketa txikitatik sustatzea... Baina hori dena Interneten abantaila guztiekin, liburuak maileguan etxetik hartzea, adibidez, tabletetan irakurtzeko».
                                  
Internetek aldaketa asko ekarri ditu, eta profesional hauen lana saretik etorritako informazioa antolatzea izango da, erabiltzaileei zerbitzu hobea emateko. «Liburuzainok edukiak eskaini behar ditugu. Interneten informazio ikaragarria dago, eta gero eta gehiago bitartekari izaten jarraituko dugu, jendeak gaur egun  ez baitauka ezertarako astirik; gure langileen profesionaltasunari esker, kalitatezko informazioa emango dugu, adibidez, gai baten inguruko liburu onak zer webgunetan dauden, informazioa non bilatu...».

Garai digitalean ondarea gordetzeko leku izaten ere  jarraituko dute liburutegiek: bai paperean jasotako edukia, bai digitala. Era berean, eten digitala gainditzen ere lagundu behar diete ezagutza falta dutenei edota, bizi dugun krisi-egoeragatik, ordenagailua erosteko dirurik ez daukatenei. Lana bilatzeko eta hizkuntzak lantzeko ere leku aproposa dela aipatu digu Arantxa Urkiak.

Lantzen dituzten beste proiektu asko ere berritzen ari dira; adibidez, irakurketa-klubek arrakasta handia izan dute Donostian eta, hemendik aurrera, irakurketa klub digitalak ere antolatzen hasteko asmoa dute Internet bidez. «Aurrenekoa Fernando Morilloren eskutik izango da».

Paper gutxiago, pantaila gehiago
«Liburutegi eredua aldatzen ari da; gero eta liburu gutxiago ikusiko ditugu, baina gero eta pantaila gehiago, nonahi, liburutegian integratuta», erantsi digu Arantxak. «Gure eraikinak behar-beharrezkoak dira, baina ez orain arte ezagutu ditugunak bezalakoak», gaineratu du.
                       
Amsterdamgo OBA liburutegiaz hitz egin dugu: kaleko plaza bat bezalakoa baita, ederra, erakargarria, funtzionala... Eta isiltasuna da nagusi, umeentzako eta helduentzako esparruak berezita baitaude. Baina ez da kanpora joan behar, «Bilboko Alhondiga oso ondo pentsatuta dago, funtzio horiek primeran betetzen ditu», azaldu digu Arantxa Urkiak jarraian.

Euskal Liburutegi Nazionalaren erronka
Liburutegi Zerbitzuko zuzendariaren ustez, lehendabizi Euskadiko liburutegi-zerbitzua erabat berrantolatu beharra dago. «Hala, aurrekontuak murrizten ari zaizkigunez gero, eraikina egiten dirutza xahutu beharrean, oso egokia izango litzateke Euskal Liburutegi Nazionala lehendabiziko fasean birtuala izatea; teknologia berriei esker, katalogo nagusiak elkartuko genituzke eta edukiari emango genioke garrantzia, ez eraikinari». Horretarako, Internet bidezko kontsulta errazteko, funtsak digitalizatzen egin behar da inbertsioa, eta zaintzen ere bai. Leiho bakar batetik izango genuke eduki guztietara iristeko aukera.

 

GALDEZKA

Zertarako erabiltzen duzu liburutegia?



1. Lide Eskisabel (ikaslea)


«Ikastera joaten naiz liburutegira. Adiskide batzuk elkartzen gara eta beti dago zerbait egiteko: zalantzak argitzeko tartea hartu, zigarro bat erre, elkarrekin bazkaldu... WiFia ere erabiltzen dut, baina liburu askorik ez».

 

 



2. Julen Etxeberria (ikertzailea)


«Askotan etxean aritzen naiz lanean, liburutegietan digitalizatuta dauzkaten kontsulta-liburuak eta liburu zaharrak deskargatzen; asko erraztu didate lana. Baina liburuzainak pista onak ematen dizkit eta gustura etortzen naiz harekin solasalditxo bat izatera».
 

 

 


3. Ander Ibaibarriaga (erretiratua)


«Eguraldi txar honekin, gustura irakurtzen dut egunkaria hemen, epelean. Interneten ibiltzen lagunduko didatela esan didate, baina ez daukat gogo handirik».



 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment