Aldizkari Digitala

Victoria ur-jauzietan harridura eta abentura

Zein dira munduko ur-jauzirik ederrenak? Zaila da horri erantzutea, baina, zalantzarik gabe, Afrikako Victoria ur-jauziak ez daude titulu horretatik oso urruti.

Amerikako Iguazu eta Niagara ur-jauzien arteko nahasketa moduko bat dira. Ur-jauzi luzeak, Iguazukoen antzera, eta ur askokoak, Niagarakoak bezala. Dena den, Zambeze ibaiak ur gutxiago duenean, lehorte-garaian, Victoria ur-jauziak ez dira hain ikusgarriak.

 

Victoria ur-jauzia Zambeze ibaiak sortzen du, Zambiako eta Zimbaweko mugan.

Amerikako ur-jauziak bezala, Afrikako hauek ere bi herrien arteko muga dira: Zambia eta Zimbabwe. Iguazun betikoa da galdera: nondik ikusten dira hobeto, Argentinatik ala Brasildik? Galdera bera egiten da Niagaran: AEBtik ala Kanadatik? Victorian, aldiz, galderak ez du inolako zentzurik. Zimbawetik ikusten dira hobekien.

Zimbawetik dago ikuspegirik ederrena.

Baina Zambiatik begiratzea askoz ere zirraragarriagoa da, adrenalina gehiago askatzen da. Han, harri artean, putzu bat dago, amildegiaren ertzean. Bainuontzia dirudi. Harriz harri joanda bertaraino joan daiteke eta putzuan sartu. Sentsazioa beldurgarria da! Amildegiaren eta zure artean harrizko horma mehe bat besterik ez dago!

Livinsgtone,ur-jauzietara heldu zen lehen gizon zuria.

Zambeze ibaiak 100 metroko jauzia egiten du, 2 kilometroko zabaleran. Jauzi horretan ateratzen duen burrunba eta sortzen duen lurrun-zutabea urrutitik ikusten da, ke-laino bat bezala. Eguzkiak lurrun-zutabe horretan ortzadarrak marrazten ditu behin eta berriz, baina ederrenak ilargiarekin sortzen diren ortzadarrak dira, ilargi betea dagoenean ikusten direnak.

Gizon zuria 1855ean iritsi zen hona, Livinsgtone britainiarra. Kolonizatzaile guztiek bezala, bere erreginaren izena eman zien berehala ur-jauziei, nahiz eta bertakoek izen politagoa eta deskriptiboagoa izan: "mosa oa tunya", "trumoi-hotsa ateratzen duen kea". 

Ur-jauzietatik gertu Victoria Falls hiria dago, Zimbawen. Hiria abenturazko kirol-gune bihurtu da. Batez ere, Zambeze ibaian raftinga egiteko (kontuz: baltsatik erortzen bazara, zain dituzu ertzean krokodiloak).

Bungee-jumping-a ere egiten da, puentinga. Tren-zubi batek Zambeze arroila zeharkatzen du, eta 111 metroko jauzi beldurgarria dago zubitik behera.  

Ibaian kruzeroak egin daitezke. Elefanteen gainean, berriz, safariak. Eta airean era askotako ekintzak: ultrarinean, abionetan edo helikopteroan ibili. Helikopteroa aukera ona da ur-jauzien gainetik argazki ederrak ateratzeko, baina zarata jasanezina da. Hegaldiak 12 minutu bakarrik irauten du, eta buruak eztanda egiten dizu.

Ultrarina erromantikoagoa da, batez ere isilagoa. Isilagoa, ondoan ez baduzu helikoptero bat zarata ateratzen. Dena den, ausarta izan behar da ultrarinean ibiltzeko; airean zintzilik zaudela ematen du. Ez duzu gidatzen jakin behar. Hori pilotuak egiten du; zu bere atzean zoaz.

Zubi horretatik egiten dute salto, 111 metro.

Ultrarinean ibiltzeko Zambiara joan behar duzu, muga pasa gertu dagoen Livinstong hiriraino. Orain dela urte batzuk, zailagoa zen muga pasatzea. Bi bisatu behar ziren, bat Zambiarena eta beste bat Zimbawerena. Azkenean konturatu dira elkarlana hobea dela turistak pozik izateko, eta orain bisatu batekin nahikoa da, bi herrialdetarako balio duelako. 

Abentura-kirol hauek ez dira merkeak. Bizitza arriskuan jartzen duzu, eta, gainera, diru asko ordaintzen. Zambezeko zubitik jauzi egiteak 160 dolar balio du, raftingak 120 edo. Helikopteroa hartzeak, ibaian kanoarekin ibiltzeak, eta elefantearekin safaria egiteak, hirurak berdin: bakoitzak 150 dolar. Ultrarineko hegaldiak 155 dolar (15 minutu), eta helikopterokoak 310 dolar (ordu-erdi).

Bildu dirua, izan ausarta, eta egin denetik, baina gogoratu Afrikan zaudela. Begiratu ingurura eta kontuan hartu han familia bat hilabete bizi daitekeela zuk jauzi bat egiteagatik edo ultrarinean ibiltzeagatik ordaintzen duzun diruarekin.

Ikasleak Victoria Falls-en.

Victoria Falls-eko negozio hau, abentura-kirolak, Australiako enpresa batek kudeatzen zuen orain dela urte batzuk arte; Afrikako kolonizazioaren beste adibide bat da. Afrikan horixe gertatzen da herrialde askotan. Adibidez, buzeo-eskolak atzerriko enpresen esku daude, eta berdin globo-hegaldiak ere, baina hori aldatzen ari da pixkanaka. Orain Victoria Falls-eko kirol-ekintza hauek Zimbaweko jendearen esku daude, eta zuk badakizu ordaintzen duzun dirua bertan geratzen dela. 

 

Hiztegi lagungarria 

  • Iguazukoen antzera: Iguazukoak bezala      
  • lehorte-garaia: Ur gutxiko garaia
  • askoz ere zirraragarriagoa da: emozio handiagoa sortzen du
  • amildegiaren ertzean: izkinan, ia-ia erortzeko moduan
  • horma mehe bat: pareta fin bat
  • ateratzen duen burrunba: egiten duen hotsa, zarata
  • sortzen duen lurrun-zutabea: ateratzen duen kea bezalakoa
  • ortzadarrak marrazten ditu: Erromako zubiak egiten ditu
  • Zambeze arroila zeharkatzen du: Zanbeze ibaiaren bidea gurutzatzen du
  • zarata jasanezina da: oso handia, eramanezina
  • elkarlana hobea dela: hobe dela lana elkarrekin egitea
  • kontuan hartu: konturatu zaitez, jakin ezazu
  • enpresa batek kudeatzen zuen: enpresa batek eramaten zuen
  • atzerriko enpresen esku daude: atzerriko enpresek eramaten dituzte

 

 

 

 

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
May 9, 2017
Number: 11963221
Number of visits: 4245