Aldizkari Digitala

Lanbide berriak. Zer da youtuber bat?

Garai batean arotzak, igeltseroak edo irakasleak zeuden bezala, gaur egun youtuberrak, gamerrak edo community managerrak dauzkagu.

Arotzaren, igeltseroaren edo irakaslearen lanbidea urteekin aldatu egin da: hasierako gailu haiek berritzen joan dira eta, teknologia berriei esker, garapen handia jasan dute. Adibidez, arbelak orain ukimen-pantailak dira; zerrak elektrikoak… Baina ez hori bakarrik, bidean lanbide berriak ere sortu dira. Zer da youtuberra, gamerra edo comunity managerra? Askok agian jakingo duzue, baina beste askok ez. Eta gure aitona-amonek? “Gure garaian ez zegoen horrelakorik”, erantzungo digute.

Gamerrak jokoak probatzen ibiltzen dira.

Gamerra bideo-jokoak probatzen dituen pertsona da, jokoak ondo funtzionatzen duen eta zein hobekuntza behar dituen erabakitzen du. Community managerrak, aldiz, enpresa baten on-line komunitatea eraikitzen eta kudeatzen du, Interneten marka bat sortzen du, bezeroekin harreman egonkorrak izateko. Youtuberrak Youtube ataria du abiapuntu: bideoak zintzilikatzen ditu bertan eta izandako ikustaldiengatik ordaintzen zaio. 
Nerea Arriolak (Donostia, 1988) SuperTxope youtuberraren azalean arrakasta handia lortu du eta, EITBko ‘Euskalduna naiz, eta zu?’ saioan euskaldunoi buruzko bakarrizketak egin ditu, Katixa izeneko pertsonaiaren paperean. Bera aktorea eta erizaina da, baina bi pertsonaia horietan youtuber baten larruan sartu da. Guk lanbide honen inguruan galdetu diogu.


Abiapuntua: euskara

Youtube 2005. urtean sortu zen, eta une honetan munduko youtuberrik famatuenak edozein komunikabidek baino ikusle gehiago ditu; Pewdiepie da nabarmen horietakoa, 53 milioi harpidedun baino gehiago ditu, eta hilean 350 milioi ikusle inguru.


HolaJulen, DespertaVlog, Probatxoa, El Tornillo, Gabi dela Maza… Asko dira euskal youtuberrak, baina guztiek ez dituzte bideoak euskaraz egiten. “Niri lagun batzuek esan zidaten gazteei zuzendutako proiektu bat martxan jarri nahi zutela eta, horretarako, youtuber baten azalean sartzeko prest ote nengoen. Nik baietz erantzun nien”, kontatu digu Arriolak. Egun oso bat pasatu zuen Youtuben, bideoak ikusten eta jendearen estiloari erreparatzen: “Orokorrean, jende gaztea da, hainbat profiletakoa, baina guztiek energia handia dute”.


Ez zuten gaztelaniaz egiteko aukera planteatu ere egin. “Jarraitzaile gehiago edukiko ditut gaztelaniaz? Zergatik ez dugu guztiok txineraz egiten? Bakoitzak bere hizkuntza erabiltzen du eta, nire ustez, euskal komunitatea uste duguna baino handiagoa da. Bideo bat euskaraz ere asko zabaldu daiteke”, kontatu digu. Askok ikustaldi gehiago izateko aukeratzen dute gaztelania, baina hori bakoitzaren aukera da.


Super Txope eta Katixa


Super Txopek bere bideoetan agurtzeko modu berezia du.

Nerea Arriola aktorea da, eta bi youtuberren azalean sartu da: SuperTxope eta Katixa. Lehenengo pertsonaia, posta bidezko bozka promozionatzeko egindako iragarkitik sortu zen. “Youtuber bat egitea pentsatu genuen eta jendeak identifikatzeko erraza zen norbait sortu genuen”, azaldu digu. Gainera, Super Bat telebista-saioan oinarritutako izena sortu zuten, SuperTxope: neska maitagarria, irribarretsua, bihurria eta kritikoa da.


ETBn ‘Euskalduna naiz, eta zu?’ saioan, berriz, Katixa izeneko youtuberra izan da. “SuperTxope baino gaiztoagoa da; hala ere, denetarik du, guztiok bezala. Gidoiari jarritu diot bietan, baina neuk gorpuztu ditut”, kontatu digu.


Helburua

Zaletasunez edo lanbidez youtuber izatearen arteko muga dirua da: “Jarraitzaile-kopuruak baino gehiago, ikustaldi-kopuruak du axola, baina dirua irabaztea ez da hain erraza. Hori egin ahal izateko, kontua “monetarizatu” behar dugu. Zer den hori? Youtuberi publizitatea jartzeko baimena ematea. Hori egin gabe ez dugu dirurik irabaziko”, esan digu aktoreak. AdSense Googlek sortutako publizitate-sistema bat da, eta klik-kopuruaren arabera neurtzen dira irabaziak, baina AdSensek ez ditu euskarazko edukiak monetarizatzen. Ez du euskara hizkuntza bezala identifikatzen; hori dela eta, ez du bideora iragarkirik bidaltzen.


SuperTxoperekin, Nerearen helburua lan txukuna egitea izan da, eta ahalik eta gazte gehienarengana heltzea. “Ikustaldiak ere izan nahi genituen, baina ez genuen hortik dirua irabazteko asmorik. Katixarekin, berriz, helburua formatua telebistara eramatea izan da, eta ikusle-kopuruak du garrantzia”, adierazi digu.
Eta zu? Youtuber izango zinateke? Zeri buruzko bideoak egingo zenituzke? Gamer edo community manager bezalako lanbideak ezagutzen dituzu? Zein izango da etorkizuna?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Zer da youtuberra?
Youtuber bat da pertsona bat gai baten inguruko bideoak egin, editatu eta Youtubera igotzen dituena. Hori da youtuber bat. Orduan, zeri buruz hitz egiten du? Bakoitzari sudur-puntan jartzen zaionari buruz.

2.    Nola bihurtzen da zaletasuna lanbide?
Hobbie bat edo lanbide… Horien arteko muga dirua da. Nire ustez, dirua da. Behin hortik bizi ahal baldin baduzu, hortik aurrera ia bai, hori, dirua. Zenbat jarraitzaile? Ez da jarraitzaile-kontua, ikustaldi-kontua da. Ikustaldi kontua da, gero eta ikustaldi gehiago, Youtubek dirua emango dizu. Baina ez da hain sinplea, e? Lehenengo zure kontua monetizatu behar duzu. Hau da, eman behar diozu baimena Youtuberi publizitatea sartzeko… Hau da, ez da hain sinplea: Super Txoperekin ez dugu dirua irabazi nahiz eta ikustaldi asko eduki, ez dugulako kontua monetizatu. Orduan, ez da ‘benga bideo bat igoko dut eta listo!’ Rekisito (baldintza) batzuk daude, gero monetizatu behar duzu zure kontua, gero hori, publizitatearekin irabazten da dirua. Orduan, markak zurekin harremanetan jarri behar dira, ez da hain sinplea… Baina hasi behar zara monetizatzen zure kontua eta hori Youtuben bertan zure kontuan sartu eta hor, iskinan dagoen apartadotxo batean monetizatu behar den zerbait da. Bestela ez du balio.

3.    Zein da bideo bat egiteko prozesua?
Super Txoperen bideoak umorezko bideoak dira. Umorezko bideoak gaur egungo euskal panoramaren inguruko umorezko bideoak. Prozesua, bada gurea, lantalde bat garenez, erabaki zeri buruz hitz egin; baita zein Youtubeko hizkuntzan hitz egin (ere). Hau da, edo challenge bat egin, dekalogo bat egin… Hor, Youtubek hizkuntza propioa dauka. Orduan, denetarik aurkitu zenezake; eta gero, edozein pertsonak egin dezakeen zerbait, tripode bat, kamera bat ez duena sikiera izan behar ‘super kamera’ bat, ez, ez, ez, kamera bat eta foko pare bat iluminatzeko. Yasta eta mikrofono bat. Hori bai. Eta gero, editatu, editatu. Gainera, grabatu, jolastu… Zerbait dibertigarria izan behar du, orduan egin behar duzu jolastu. Hori baldin bada zure helburua. Hau da, bloger bat bezala. Beste zerbait baldin bada, ari baldin bazara zerbait egiten, bueno grabatu eskuak edo… Baina bloger bat bezala, jolastu, gerturatu, urrundu, egin txistea, ez dakit zer… Horrela. Eta gero, editatu eta Youtubera igo.
Bai, egia esan, askatasun asko (handia) eman zidaten niri, baina nahiko fidela izan naiz gidoira. Nik eman diodana izan da erritmoa, tonoa, bueno, gorpuzte hori. Nahiko fidela izan naiz nire ‘cosecha propia’ esaten dena da amaierako “Agur!” hori, guztiz nirea da, eta, bueno, beste zerbait edo… Baina, testua edo esaten duena, hori gidoi batek markatzen zuen.
Katixa, gainera, da EITBrako, eta gidoi bat dago, aktore bat naiz.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
May 5, 2017
Number: 11826820
Number of visits: 4875