Aldizkari Digitala

Mixel Labeguerie kantaria, euskaltzale polifazetikoa

Mixel Labeguerie mediku, bertso-epaile, kultura-sustatzaile eta politikaria (1921-1980) euskal kantagintza modernoaren aitatzat jotzen da. Lapurdiko kantariaren lehen kasetea, "Mixel Labeguerie´ren 8 kantu" izenekoa, 1961ekoa izanik, aurten 50. urte beteko dira argitaratu zela . Bi berezitasun bazituzten kantuek: abertzaletasuna, batetik, eta gitarra batekin kantatuak zirela, bestetik. Hala zioen Xabier Letek Jakin aldizkarian: "Euskal kantaren lehen urratsetan Mixel Labeguerie dago". Letek zioen lapurtarrak kantu herrikoiari estilo-aldaketa ekarri ziola, gitarra soil eta ahots apal batez jotzen zituelako. Euskal irratiak ere biziki hasi ziren kantu hauek hedatzen. Eta hurrengo diskokoak ere bai. Sona berezia lortu zuen horietako batek, hitzak Piarres Larzabalena zituen "Gazteri berria" izenekoak, askatasun gose zebilen euskal gazteen ereserki bihurtzeraino. (kanta YouTube atarian dago entzungai).

Ez dok Amairu taldeko Jose Angel Irigaraik ere hauxe dio: “Berak erakutsi zigun tradizioari begira egotea eta irekia egotea bateragarriak zirela, ez zirela kontrajarriak. Gu hemengoak eta unibertsalak izan gintezkeela”. Eta Mitxel Itzainak (Elkarlanean, 1999): “Ordura arte iparralde honetan etxea zen kantatzen, ama edo baserritar mundua goresten. Labeguerie mezu-aldatzaile dator, abertzale edo sozial mezua, beharbada Larzabal baten ildotik”. Eta kasetearen azalean ikurrina zenez, dendek saldu nahi ez eta lagun baten farmazian saltzen zen. Hego Euskal Herrian indar handia zuten haren kantek frankismo garaian. “Hemen isiltasuna zen eta kantuagatik jendea bere abertzaletasuna erakusten hasi zen” dio Gorostidik, Debako apaiz zenak. Labeguerie bera Franco eta nazien aurkako espioitza-lanetan ere aritu zen. Baina gatozen kantura. Eneko semeak, berau ere abeslaria, honela dio: “Gure aitak zerbait berri ekarri badu, uste dut zortziko erritmoa euskal kantuan sartzea izan dela. Hori hegoaldetik heldu da, txistutik. Bertzaldean koroek erabiltzen dute. Aitak baliatu du gitarra batekin emateko gisan”.

Euskaltzalea zen Labeguerie. Euskalzaleen Biltzarreko lehendakari izan zen, eta Euskaldun Gazteen Batasuna elkartea sortu zuen, euskara eta Euskal Herriaren batasuna sustatu nahi zituena. Bera hor Irrintzi dantza eta kantu taldeko partaide zen. Inguruko 50 bat kantu bildu eta ezagutzera eman zituen, besteak beste.
Labeguerie hil zen ebakuntza baterako loarazi eta betiko lo geratuta. Hiletara lau mila bat lagun joan omen ziren, 1980an. Xalbador bertsolariak azken hatsa eman zuenean berekin zen Labeguerie medikua. Oso bertsozalea zen medikua, herriz herri zebilena bere lanean, eta dantza, bertso, doinu, lexiko eta esaera zaharrak bildu zituen. Hainbat bertsolarik erabili doinuei buruzko oharrak liburuetan dira. Gai-jartzaile izan zen, eta txapelketako bertso-epaile ere bai. Txomin Ezpondaren ustez, Labegueriek ospea eman zion bertsolaritzari, bertsolarien mahai berean eserita agerian jarriz inportantea zela bertsoa, ez “hitzaren jolas” hutsa.

Haur denboran apaiz euskaltzalez inguratua bizi izan zen Labeguerie. Aita Lafitte aipatu behar da denen gainetik, honek eragin handia izan zuen harengan. Apaizak sortu zuen Aintzina aldizkaria, eta Labegueriek dantza eta inauteriei buruzko artikuluak bertan plazaratuko ditu. 21 urte zituen Labegueriek orduan. Pertsona ezagunak ibili ziren agerkari honen inguruan: Marc Legasse, Aita Donostia, Piarres Xarriton, Madelein Jauregiberri… 

Eta hitzari jarraiki, denek onartzen dute Labeguerie hizlari ona zela. Mitxel Itzain: “Baina oroz gainetik bere eleaz zuen jendea xoratzen eta biltzen.” Batek baino gehiagok aitortu dio Itzaini: “hura entzun nuen egun hartan euskaltzale edo abertzale bilakatu nintzen”. Beraz, elerako ahalmen horregatik ere sartuko zen politikan. Eta musikan ez bezala hor baditu, nola esan, etsaiak edo. Enbata aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen, gero mugimendu politiko izan zena, euskal nazioaren batasuna eta autodeterminazio eskubidea aldarri dituena “Itsasuko Gutuna” deiturikoan. Gerora, Enbatatik aldendu egin zen, ez helburuekin ez zetorrelako bat, metodoekin baizik. Labegueriek, besteak beste, baina bereziki laborariak maite zituen, benetako abertzaletzat zituen, enpresak sortzen lagundu zien, hainbestek ihes ez egiteko Parisa eta lan bila. Batzuek hala egotzi arren, bera ez zen “separatista” sentitzen, “federalista” baizik. Europako etnien federazioa nahi zuen. Hil zenean, senatari zen, eta Kanboko alkate.

HIZTEGIA
AGERIAN JARRI.- Mostrar. Montrer.
AHALMEN.- Capacidad. Faculté.
ALDARRI.- Reivindicación. Revendication.
AZKEN HATSA EMAN.- Fallecer. Mourir.
BALIATU.- Utilizar. Employer.
BEREZITASUN.- Particularidad. Particularité.
EGOTZI.- Recriminar. Reprocher.
ELE.- Palabra. Parole.
ERESERKI.- Himno. Hymne.
ESAERA ZAHARRAK.- Refrán. Refrain.
EZ ZETORRELAKO BAT.- Ez zegoelako ados. Porque no estaba de acuerdo. Parce qu´il n’était pas d’accord.
EZAGUTZERA EMAN.- Dar a conocer. Faire connaître.
HEDATU.- Difundir. Propager.
HIZLARI.- Orador/a. Orateur.
ILDO.- Estela. Sens.
INAUTERI.- Carnaval. Carnaval.
SONA.- Fama. Prestige.
SUSTATZAILE.- Impulsor/a. promoteur/trice.
XORATU.- Fascinar. Fasciner.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Feb 1, 2011
Number: 1148798
Text genre: Mixel Labeguerie kantaria, euskaltzale polifazetikoa
Text genre: Mixel Labeguerie kantaria, euskaltzale polifazetikoa
Number of visits: 2887