Aldizkari Digitala

Ana Olazabal: "Patroiekin jolastu eta forma berriak sortzea gustatzen zait"

Ana Olazabal moda-diseinatzaile donostiarrak estatuko gazte diseinatzaile onenaren saria eskuratu zuen joan den otsailean. Saria Parisko Prêt à porter azokan erakusmahaia jartzea izan da. Bertan Release eta Ofelia bildumak erakutsi ditu.

Otsailean irabazi zenuen saria Release bildumarekin. Ordutik hilabete batzuk pasa dira. Nola baloratzen duzu lortutakoa?
Denbora pasa da eta dagoeneko onartu dut. Momentuan sorpresa handia hartu nuen ez nuelako espero, baina hilabete batzuk pasa dira eta orain gogoratzen dudanean poz handia ematen dit.

Saria Parisko Prêt à porter azokan parte hartzea izan da.
Arropa-marka handi guztiek dute erakusmahaia azokan eta lehiaketa irabazi izanaren saria izan da nire arropa ere han erakustea. Horretaz gain, azokak nola funtzionatzen duen ikusi dut, oso azoka garrantzitsua baita. Nik uste dut aukera eta esperientzia bakarra izan dela.

Prêt à porter esaten dugunean, kalean janzteko moduko arropaz ari gara hitz egiten?
Bai, kalean janzteko moduko arropa eta industrialki egiten den arropa da. Horren kontrakoa izango litzateke goi-mailako joskintza edo pieza bakarrak. Baina hau da industrialki egiten den arropa.

Nola definituko zenuke Release bilduma?
Munduko injustizietan inspiratu nintzen. Dorre bikien gaineko erreportaje bat ikusi nuen eta hor hasi zen nire inspirazioa. Hasi nintzen materialak aztertzen eta material garrantzitsu moduan petrolioa aukeratu nuen. Hortaz, grisetik beltzera doazen koloreak hartu nituen bilduma egiteko eta petrolioak itsasoan egiten dituen formak ere hartu nituen. Bolanteak egin ditut, eta horrek gorputzean egiten dituen formekin jolastu dut. Orokorrean, forma biribilak egin ditut.

Parisera Release eta Ofelia bildumak eraman dituzu.
Release bildumako jantziak eraman ditut, baina beste bilduma bat ere egin dut: Ofelia. Koloreak sartu ditut bilduma berri  honetan. Grisa da kolore nagusia eta nahastu ditut urdina, gorria, granatea… dramatismo puntua emateko. Ofelia koadroan inspiratu naiz eta oso bilduma erromantikoa egin dut.

Zein da zure estiloa?
Nik esango nuke oso oinarri klasikoa dudala. Joskintza klasikoa gustatzen zait, ez naiz gelditzen betiko klasiko horretan, buelta bat eman eta abangoardia-puntua sartzea ere gustatzen zait. Nik uste dut jantziak gaur eguneratu egin behar direla.

Eta eguneraketa horretan zerekin jolasten duzu?
Patroiei buelta ematea asko gustatzen zait. Patroia egin behar da jantzia egin baino lehen, eta patroiak esaten du ze forma eramango duen jantziak. Gustatzen zait hor frogatzea eta forma berriak sartzea, izan ere gero aterako den jantzia ezberdina izango baita. Materialetan ere gustatzen zait aldatzea, baina batez ere patroiekin formak aldatzea gustatzen zait. 

Nola janzten gara euskaldunak?
Nik uste dut Euskal Herrian ondo janzten garela. Beti esaten dut, Madrilera iritsi nintzenean harrituta geratu nintzela jendearen janzkerarekin. Esan nuen: Zer da hau? Ze gaizki janzten den jendea… Uste dut jendeak ez duela pentsatzen zer jantzi nahi duen, eta, aldiz, Euskal Herrian bai. Armairura begiratu eta zer jantzi nahi dugun pentsatzen dugu.

Beti izan duzu argi moda-diseinatzaile izan nahi zenuela?
Bai, txikitatik. Gure amak esaten du arropa oso gustuko nuela eta beti arropak begiratzen nituela. Karroan nindoanean mundu guztiaren oinetakoak begiratzen omen nituen. Pasio bat da. Hasiera batean enpresagintza ikasten hasi nintzen, ez nuen-eta Donostiatik irten nahi. Arropa-enpresa bat muntatzea zen nire asmoa, beti neukan moda buruan. Baina konturatu nintzen han ez nuela ezer egiten, eta azkenean Madrilera joan nintzen.

Gehienok prozesuaren amaiera ikusten dugu: jantzia. Baina, ze pauso eman behar dira jantzi bat egiterakoan?

Jantzia bukatu aurretik izugarrizko lana dago. Lehenengo, bilduma bat egiteko inspirazio-iturri bat behar izaten duzu, jakiteko ze forma emango dizkiozun jantziei eta ze kolore erabiliko dituzun. Ondoren, marrazkiak egiten ditut; hasieran ez dute formarik izaten, baina ondoren, figurin baten gainean jarri eta forma emanaz jantzi bihurtzen ditut. Behin argi daukadanean zer nahi dudan, patroiak egiten hasten naiz. Jantziak egiten dira behin behineko tela batean, ikusteko nola geratzen diren eta aldaketarik egin nahi diodan ala ez. Azkenean, argi daukadanean zer nahi dudan, behin betiko oihalera pasatzen dut.

Aurrera begira, zer egitea gustatuko litzaizuke?
Zaila da esatea. Oraindik oso gaztea naiz, 22 urte besterik ez ditut eta hau guztia derrepente etorri zait. Hala ere, nire marka propioa sortzea gustatuko litzaidake. Baina badakit oraindik esperientzia hartu behar dudala eta kalera asko atera behar dudala.
 
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment