Aldizkari Digitala

Barazkiak, etxeko balkoitik sukaldera

Geroz eta gehiago dira, hirian bizi arren, nekazaritzara gerturatu nahi duten pertsonak euren barazki eta berdurak landatuz. Baina kaleko jendeak ez du lur-soro egokirik izaten baratze bat sortzeko eta horregatik, etxeko balkoi eta terrazetan jartzen ditu baratzeak barazkiak ereiteko. Hiriko baratzeak, balkoi eta terrazetakoak, ohikoak bihurtzen ari dira gure herri eta hirietan, eta dakartzaten onurak ugariak eta askotarikoak omen dira.

Onura asko

Ohiko loreontziak edo labore-mahaiak erabiltzen dira balkoietan, bai eta berrerabil ditzakegun beste ontzi batzuk ere, hala nola fruten kaxak. Gainera, gaur egun enpresa batzuk balkoietan loreontziak jartzeko apalategi bereziak eskaintzen dituzte, modu horretan baratze bertikala jartzeko aukera eskainiz.

Etxeko balkoietan edo terrazetan baratzea izateak autokontsumorako elikagai osasuntsuak eta zaporetsuak ekoizteko aukera ematen du. Horrez gain, beste onura batzuk ere eskaintzen ditu: pertsona lurrera, naturara eta bere ziklo naturaletara gerturatzen du; bizi-ohitura lasaiagoak eta estres gutxiagokoak sustatzen ditu; eta bioaniztasun-irlak eta CO2-aren aurkako gordelekuak sortzen ditu.

Baratzea nola antolatu behar dugun ikasteko, udal edo elkarte askok ikastaroak eskaintzen dituzte gaur egun. Zer-nolako substratua eta ongarria erabil daitekeen, zer teknika erabil daitezkeen, zer landare eta barazki diren egokiak balkoian landatzeko, landatzeko ontziak, ureztatze-sistemak, izurrien eta gaixotasunen prebentzioa eta hiriko konpostatzea dira, besteak beste, ikastaro horietan erakusten dutena. Sormen apur batekin edozein barazki erein daiteke loreontzietan; hala ere, gehien ereiten direnak tomateak, piperrak, pepinoak, letxuga, espinakak eta lekak izaten dira.

Eskoletan ere bai

Norbanakoez gain, Eskola Agenda 21 proiektuaren barruan ikastetxeetan ere hasi dira baratzeak ereiten. Oñatin, esaterako, Zuazola-Larraña Institutuan Eskola Baratzea proiektuko lehenengo haziak landatu dituzte. Institutu horren eta Debagoieneko Landa Garapeneko elkartearen elkarlanari esker jarri da proiektua martxan. Ikastetxeko terrazan loreontziak jarri eta bertan landatu dituzte barazkiak.

ZIGeko (Zereginen Ikaskuntzarako Gela) Janire, Gorka eta Daniela arduratzen dira baratzea txukun izateaz eta baratzea egunero ureztatzen omen dute. “Hasiera batean lau aska jarri genituen, baina txiki geratu ziren berehala”, azaldu dute. Barazkiak landatzeko askak Larraña Institutuko soldadurako ikasleek egin dizkiete. Letxugak, tipulak, porruak, azenarioak, perrexila eta albahaka landatu zituzten lehendabizi; eta gerora jarri zituzten beste lau asketan kalabazina, kalabaza, tomatea, patatak, artoa eta piperra. “Letxugak, esaterako, oso denbora gutxian hazi ziren” diote. Landatutako barazkiak etxera eraman izan dituzte, baina, batez ere, eskolako sukaldean erabiltzen dituzte: “Sukaldaritza-tailerra izaten dute eta han erabili izan dituzte barazkiak”, azaldu dute irakasleek. Ikastetxeko arduradunen arabera, ikasleekin ortua lantzeak metodologia berriak landu eta ikasleen artean sustatu nahi diren hezkuntza-gaitasunak lortzeko aukerak eskaintzen ditu.

Denak ez daude hain pozik

Bada, hala ere, baratze txiki hauen alde txarrak ikusten duenik ere. Aretxabaletako Unai Oskozek, adibidez, kendu egin du balkoian zuen baratzea: "Orain dela pare urte bat ikastaro bat egin eta lekak, tomateak, kalabazina… jarri nituen ortuan, baina, nire ustez, ez da produktiboa", azaldu digu Oskozek. "Agian, piperrak, letxugak, eta landare txikiak jartzea egokia da, baina ez lekak eta tomateak", gaineratu du.

Iritziak iritzi, badirudi landareak hazteko leku bat baino zerbait gehiago dela baratzea: lurretik, elikagaietatik eta geure baitatik hurbilago sentitzeko modua eta bitartekoa ere bada.

Testua eta argazkiak: Arantzazu Ezkibel (Arteman Komunikazioa).

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment