HABE Ikasbil Dokuteka

Laguntza Bilaketa

Preserbatiboa "esateko" zailtasunak

Nola deitu betiko kondoiari? Jabier Agirre sendagileak zenbait azalpen emango dizkigu.

Esataria: Garai batean hizpide ugari sortzen zen preserbatiboak erosteko zailtasunen inguruan. Orain, zorionez, erabat normalizatu da kontu hori.

Jabier Agirre:
Bai, bai, garai batean problema zen botikara joatea eta ausartzea preserbatiboak eskatzen, gaizki ikusia zegoelako, edo botikariak ez zizulako emango eta abar. Gaur egun, ordea, nik uste dut toki guztietan daudela makinak horrelakoak saltzen dituztenak, saldu edo banatzen dituztenak, eta problema ez doala hortik gaur egun.

Esataria:
Nola izendatu orduan? Zeren zu zara hiztegietan aditua, beraz, zuk esango diguzu.

Jabier Agirre:
Bai, eta kontua ez da zuk eta nik erabaki dezakegula bakarrik, hau da, guk eman dezakegu gauza bat baina gero normalean jendeak kalean erabili egiten du. Orduan, bilatu behar da forma bat denontzako balioko lukeena, hau da, hiztegi batean bota dezakezu gauza bat —eta badaude botata hiztegietan—, baina gero kontua da jendeak edo bikote batek erabili behar duenean, edo gazteak txisteak egiteko eta abar, nola erabiltzen dituzten.

Esataria:
Baina kasu honetan arazoa ez da Euskal Herriarena bakarrik, ezta, gainontzeko hizkuntzatan ere gauza bertsua gertatzen da.

Jabier Agirre:
Bai, bai, noski. Maila teknikoan, medikuak edo saltzaileak, edo zer esango dizut nik, tratatu bat egiterakoan, izen bat eman behar zaio, eta horren izen normala nik uste hiztegietan eta horrela nik uste dagoela batetik edo preserbatiboa, beste hizkuntzetan bezala, hiztegietan ikusi ditut jagongailua eta horrelakoak, baina nik uste jendeak horiek ez dituela erabiltzen. Eta gero bestela dago, forma arruntagoa nahi baldin baduzu, kondoia. Horiek izango lirateke edozein adinatan, edozein mailatan erabiltzeko moduko hitzak, hitz neutroak, bere kargatxoarekin, baina...

Esataria:
Baina hor tartean beste adiera asko daude, ezta? Esan nahi nuke punta-puntako hitz tekniko horretatik kondoira bitartean...

Jabier Agirre:
Bai, bai, eta horiek dira, nik uste, jendeak erabili ez eta agian galdu egin dituenak. Hor bada lan bat Ramon Etxezarretak egin zuena garai batean, Hiztegi erotikoa izena zuen garai hartan, eta nik uste jendeak ez diola behar lukeen kasua egin. Eta ni aritu naiz hor begira eta izugarrizko perla politak bilatu ditut, preserbatiboa edo kondoia esateko -bilduta daude, ez ditu berak asmatu, jendeak esan dituelako daude—: galtzetina, gomazko galtzetina, zakua, txanoa, txapela, oso hitz politak eta nik uste bizi-biziak gauza horri, erreparo eta guzti esateko.

Itxi
Joan mahaigaineko bertsiora