HABE Ikasbil Documents

Laguntza Bilaketa

Zoriontasunaren eguna

2013tik hasita, mundu osoan ospatzen da Zoriontasunaren Eguna martxoaren 20an. Zoriontasunak eta ongizateak gizakiontzat duen garrantzia azpimarratu nahi da.

Gai horri buruzko hausnarketa egiten du Eli Larrinaga Euskadi Irratiko kolaboratzaileak. Grabazio honetan kontatzen du nola hasi ziren Asiako estatu batean zoriona neurtu eta baloratzen, eta zer den zoriontasuna berarentzat. Eta zuretzat zer da zoriontasuna?

Transcription

ELI LARRINAGA. Aizu, entzule, ba al dakizu non dagoen Butan? Asian. Bai, baina Asiako zein lekutan? Nortzuk ditu auzokide ipar, hego, eki eta mendebaldean? Paperezko atlas dotorean begiratu behar izan dut, eta hantxe dago: Himalaia mendikatearen altzoan. Txinak eta Indiak besarkatutako txirla da Butan: 800 mila bizilagun ditu tamainaz, Suitzaren parekoa den lurraldeak. 2000. urtera arte errege absolutuaren esanetara zegoen. Egun, errege dragoia da oraindik estatuburua, baina gobernu konstituzionala dute. Telebista eta Internet duela bi hamarkada estreinatu zituzten bertan. Ez dakit hedabideetan sekula hango albisterik iritsi zaidan, baina kontua da 2012an Nazio Batuen Erakundeak baietz esan ziola Butanetik sortutako ekimen bati. Zein ekimen?: martxoak 20a Zoriontasunaren Nazioarteko Eguna izendatzea.

Hortaz, ala, badakizue, gauerdira arte zoriontasunaren erreinuan bizi gara denok. Butandarrentzat zoriontsua izateak ekonomiaren egoeraren besteko garrantzia dauka. Horren erakusgarri, Nazioaren Zoriontasun Gordinaren izeneko adierazlea dutela herrialdean, eta berau neurtu ere egiten dute inkesta bidez, 9 konturi erreparatuta: ongizate psikologikoa, osasuna, hezkuntza, kultura, denboraren banaketa, gobernuaren kalitatea, gizarte-harremanak, ekologia eta etxebizitza.  Azkenengoan, gehiengoak adierazi zuen zoriontsu zela bere bizitzarekin. Gurean egingo balitz?

Dozenaka abesti idatzi dira zoriontasunaz. Nor ez da inoiz ibili kanta-marmarrean hor atzean entzuten dugun Alvano eta Rominaren “Felicita e tenersi per mano/ andare lontano, la felicita” letra ???. Edo azkenaldian nork ez du gozatu Izaro, Zoriontasunaren bila: “¿quién será, cómo será, dónde irá?...” galdezka entzunda.

Ai ene!, kantak kanta, irakurri berri dudan artikulu baten arabera, zoriontasuna formula baten emaitza baino ez da, eta erdia geneek ezartzen omen dute. Hortaz, jaiotzatik idatzita, aurrebaldintzatuta datozkigu zoriontasunerako aukerak. Hori gutxi ez, eta gaur egun txin-txin, txin-txin, dirutzak mugitzen dituen industria erraldoia eraiki dugu haren inguruan: aholkuak, zerbitzuak, tratamenduak edota berehala zoriontasuna ei dakarten era guztietako produktuak; garestiak gehienak.

Zaila da testuinguru horretatik libratzea. Baina egin, egin daiteke. Niri zoriontasuna nahi dudan lekuan, nahi dudanarekin, nahi dudana egiteak ematen dit. Eta une honetan, hementxe, saio honetako lantaldearekin, eta zurekin, entzule, hausnarketa hauxe partekatzeak oparitu dit egunari ekiteko lehen zoriontasun-dosia. 

Itxi
Go to desktop version